Entrenamendu saio bat, Zubietan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Udalak eta Realak hitzarmen bat egitea adostu dute Zubieta XXIko instalazioak hobetzeko. Hitzarmen horren bidez, instalazioak balioaniztasun handiagoa eskainiko du eta prestakuntza hobeto kudeatu ahal izango da. Etorkizunean, Zubietan, arauzko bi futbol-zelai (Z2 eta Z3) egongo direla jaso dute hitzarmenean. Hala, egungo futbol-zelaiak gehitzen bazaizkie futbol-zelai berriei, zazpi futbol-zelai egongo dira guztira. Jokalekuaz gain, Realak 3.600 metro koadroko azalera horizontala du (Z2 gisa ezagutzen dena) oinarri-futbolerako, baina azalera hori ez da arauzkoa.
Bi futbol-zelai berri Zubietan eraikitzeak Plan Orokorra aldatzea dakar.
Ekipamendu berriak martxan jarriz gero, Realak instalazioak hobetu ahal izango ditu eta, hala, baldintza hobeagotan lan egin ahal izango du. Realaren taldeetako errendimendu-ibilbidean 200 jokalari inguru prestatzen badira ere, programatutako gainerako jarduerei esker, denboraldi bakoitzean, adin desberdinetako 4.000 haur baino gehiago pasatzen dira Zubieta XXItik. Ondorioz, azpiegitura “oso garrantzitsua da”, udalaren hitzetan, klubaren harrobiko futbolaren beharrei erantzuna emango dielako.
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranen arabera, “instalazioak nabarmen hobetuko direnez, bai Realak bai udalak bete-betean bat egiten dugu gai horretan. Eta gai honetan eta Relarentzat nahiz hiriarentzat garrantzitsuak diren beste gai garrantzitsu batzuetan klubarekin lan egiten jarraituko dugu”.