Sail Ofizialeko kartela. (Argazkia: Donostiako Zinemaldia)
Donostia Zinemaldiaren 63. ediziorako irudi berriaren aurkezpena Donostiako Eureka! Zientzia Museoan egin dute gaur goizean. Aurkezpen ekitaldian, kartel lehiaketaren irabazleak zein izan diren jakinarazi dute. Kartel irabazleak Sail Ofizialekoa, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi eta Culinary Zinema sailetakoak izan dira. Mundu osoko diseinatzaileek parte hartu dute laugarren urtez deitutako lehiaketan. Aurtengo deialdia, gainera, denetan jendetsuena izan da eta 415 egileren 1.726 proposamen jaso dituzte.
Kartel ofizialaren kategorian
El espectador izan da garailea, Matías Francolino diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile uruguaiarrak eta Blanka Barrio Uruguain bizi den gasteiztarrak egina. Kartelaren asmoa “zinemak ikusleen zentzumenei eragiten dien gozamena” irudikatzea izan da. “Errealizatzaileen eta ikusleen arteko sinbiosiari eginiko omenaldi” gisa aurkeztu dute.