Pistek 8,5 metro neurtuko dituzte, estalitako bi igerileku eraikiko dituzte, eta pista 'finlandiar' bat jarriko dute kanpoaldean, besteak beste.
Altzako kiroldegiaren kanpoaldea, arkitekto taldearen egitasmoaren arabera. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Altzako kiroldegi berria eraikitzeko lehiaketa irabazi duen lan taldeak (Chocarro Herranz-Tabuenca Leache) oinarrizko proiektua aurkeztu du gaur. Proiektuak hainbat aldaketa biltzen ditu, eta behin betikoa lau hilabeteko epean aurkeztuko dute; obrak berriz 2016ko udan hasiko dituzte, lehiaketa amaitzen denean.
Kiroletako zinegotzi Josu Ruizek aurkeztu ditu poriektuaren oinarriak, eta auzotarren ekarpenak kontuan hartuta lan egin dutela aldarrikatu du: “Donostia Kirolak ekipamenduen aldetik hamarkada honetan hasiko duen proiekturik garrantzitsuena da Altzako kiroldegia; auzoa modernizatea ahalbidetuko du”.
Aldaketak
–
Pisten luzera: Lehiaketako oinarrietan kiroldegiko pisten garaiera 7 metroraino handitzea eskatu zuten arren, azkenean 8,5 metroraino handituko da, hainbat kirol-diziplina egin ahal izateko, besteak beste, gimnastika erritmikoa.
–
Igerilekuak: Igerilekuei dagokienez, hainbat aukera eman zituzten bai igeriketan bai waterpoloan aritzeko. Azkenean, hasierako igerilekuaren ontzia aldatzea eta haren ordez bi igerileku eraikitzea erabaki dute. Horietako batek sei kale izango dituenez, igerian eta waterpoloan aritu ahal izango da eta bestean, berriz, igeri egin ahal izango da, igerileku handian waterpoloan dabiltzanean. Igerileku estaliak berriak izango dira: bata 25 x 12,5 metrokoa izango da, modu librean igeri egiteko zein kirola egiteko eta bestea, berriz, 15 x 12,5 metrokoa izango da igeriketa irakasteko eta jolas egiteko.
–
Kanpoko igerilekuak: Lehiaketan aurreikusia zegoen plisti-plasta egiteko ontzia ordeztuko dute, eta adin guztietako gazteek ur-jokoetan aritzeko gune bat eraikiko dute. Bestalde, barrutiaren inguruan pista
finlandiar bat jarriko dute, paseatzeko eta korri egiteko. Horrez gain, gune horretan, txikienentzako parke bat ere ipiniko dute.
–
Inguruak: Plaza berrian, kirol-eremuaren maila jaitsiko dute, plazako hainbat erabilera eta zirkulazio bateragarriak izan daitezen. Horrekin batera, egungo 175 aparkalekuak bermatuko dituzte. Eraikinaren sotoko aparkalekua ez da egingo (lehiaketan aukera modura proposatzen zen), baina eraikinaren inguruan, egun dagoen aparkaleku-kopuru berari eutsiko zaio. Bestalde, kiroldegi aurrean biribilgune bat eraikiko dute, autobusek bira arazorik gabe eman dezaten.