Datorren legegiltzaldirako dituzten proposamenak azaldu ditu Ricardo Burutaranek, Bilbo plazan
EH Bilduko hautagaiak, Bilbo plazan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hauteskunde kanpainaren baitan, Bilbo plazan bildu dira gaur goizean EH Bilduko hautagaiak. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko dituzten proposamenen berri eman du bertan Ricardo Burutaranek: “Azken lau urteetan 247 etxebizitza sozial egin ditugu”. Azken batean, etxebizitza sozialaren aldeko apustuarekin jarraituko dutela argi utzi du Burutaranek; hala, Txomin Enean, Esnabiden, Martutenen, eta Ulian babes ofizialeko etxeak eta gazteentzako alokairuzko etxeak eta apartamentuak egiteko proiektuak dituztela argitu du hautagaiak. “Alokairu soziala bultzatuko dugu bereziki, eta bakoitzak bere diru-sarreren araberako errenta ordain dezala”.
Horretaz gain, hirian 14.000 etxe huts daudela ohartarazi du Burutaranek, eta errolda zehatza egin ostean, etxe horiek Alokabide bidez erabiltzeko nahia dutela jakinarazi du. “Laguntza sozialak indartuko ditugu, elkarbanatutako pisuak bultzatuko ditugu, eta etxe kaleratzeak ekiditeko abokatuen kolegioarekin hitz egingo dugu”.