Saguesen izan dira gaur, eta sektorea bultzatzeko osatu duten programa aurkeztu dute.
Sagueseko surf eskolen gainean aurkeztu du EAJk turismorako programa. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EAJ Saguesen izan da gaur goizean, turismoa sustatzeko programa azaltzen. Alkatetzarako EAJren hautagai Eneko Goia bere alderdikideekin bildu da Zurriolako surf eskolan, eta kalitatezko turismoa aldarrikatu du, naturarekin lotutakoa.
Goiak turismoa bultzatzeko bere proiektua azaldu du, eta industria, enpresak eta marka hartu ditu oinarri: “Hiri honek egoera paregabea du kalitatezko turismoa sortzeko, eta horretarako, beharrezkoa da industria turistikoa garatzea, distortsiorik gabe, nazioartetzea bultzatuz eta Basque Country marka indartuz”.
Hain zuzen ere, industria erakartzeko kongresuak hareagotzea proposatu du Goiak, horretarako espazio berriak erabiliz, esate baterako, Kursaaleko kubo txikia eta Miramar jauregia: “Datorren irailan Musikene irekitzean jauregia hutsik geldituko da, eta espazio paregabea izango dugu bertan konbentzio, kongresu eta turismoarekin lotutako ekitaldiak egiteko”.
Natura izan da Goiak aipatutako beste oinarri turistiko bat, eta hirira datozenek gehien baloratzen duten ezaugarria dela adierazi du: “Surf egiteko leku hau, esate baterako, hirial duen puntu erakargarrietako bat da; baina ez ditugu ahaztu behar ere Ulia, Urgul eta Igeldo. Donostia naturaz inguratuta dago, eta hori abantaila turistikoa da”.
Donostia 2016 ere azpimarratu du EAJko hautagaiak. Goiarentzat, proiektua lantzeko denbora dago, eta horretarako, inguruko herriekin elkarlanea aritzea proposatu du: ” Ezin dugu gure ingurua ahaztu, eta egokiena eskalan lan egitea da; Gipuzkoan bertan baliabide interesgarriak ditugu, hala nola, Balentziaga museoa, Arantzazu eta Ekain. Bestalde, Donostiaren hiri anaiekin lan egin nahi dugu, hala nola, Biesbaden, Trento eta Marugame, baita beste hiriekin harremanak lotu, hala nola, Edinburgo, Bartzelona eta Toulouse”.
Goiaren azken oinarria irisgarritasuna izan da. Hautagaiaren esanetan, badira turismoa erraztuko duten landu beharreko azpiegiturak, esate baterako, Hondarribi eta Biarritzeko aireportuak, Abiadura Handiko Trena eta Pasaiako Portua. Eusko Jaurlaritza ere gogoan izan du, eta elkarlanean aritzeko beharra aldarrikatu du, etorkizunean proiektu berriak martxan jartzeko: “Donostia marka sustatu behar dugu, eta Jaurlaritzarekin lan egingo dugu Donostiarentzat onuragarriak izango diren proiektuak bultzatzeko, hala nola, kaiko arrain merkatua biziberritzea eta Pasaiako portua indartzea”.