Ernesto Gascoren aurkezpen ekitaldian izan dira Denis Itxaso, Idoia Mendia eta Pedro Sanchez PSE-EEko ordezkariak.
Ernesto Gascok bere alderdikideen babesa jaso du Saguesen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
PSE-EEko ordezkarien babesa jaso du gaur Saguesen Ernesto Gasco Donostiako alkatetzarako hautagaiak. Berarekin izan dira Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Denis Itxaso, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia eta PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidentetzarako hautagai Pedro Sanchez. Bertan izan da ere Donostiako alkate ohi Odon Elorza, alderdiko beste hainbat ordezkariekin.
Gascok hiru eskakizun egin dizkio Sanchezi: Monpaseko pasabidearen proiektua berriro martxan jartzea, Donostia 2016 kultur hiriburutza babestea eta Abiadura Handiko Tren geltokia Donostian jartzea: “Hiru proiektu horiek erabat geldituta daude; Bilduk gelditu zituen, eta EAJk horretan lagundu zien. Baina gu ezetzaren taldeari aurre egitera goaz”. Hain zuzen ere, Monpaseko pasabidea izan da Gascoren aldarrikapen nagusia, eta hiria hobetuko duela adierazi du: “Lau urtetan Donostia erabat geldituta egon da, eta bada garaia berriro hiria lehen mailara igotzeko”.
Gascoren ondoren Itxasoren txanda iritsi da, eta aldaketa klimatikoa eta bakea izan dira aipatutako ardatz nagusiak. Itxasoren esanetan, ekonomia berdea ordezkatzen duten hautagai bakarrak dira, eta horren harira Gipuzkoaren inguruko liburu bat oparitu dio Sanchezi. Bakearen inguruan berriz, hiritarrak biltzeko beharra aldarrikatu du Itxasok: “Pasealekutik lasai lasai ibili gara lehen; hori ezinezkoa zen duela ez urte asko. Baina ezin dugu ahaztu batzuek bizitza eman dutela bake hori lortzeko”.
Mendia izan da euskaraz hitz batzuk esatera animatu den hizlari bakarra. Dena den, liskar linguistikoak izan direla salatu du: “Gu gara benetako aldaketa ekarri dezakegun bakarrak, eta ez dugu ahaztu behar Bilduk eta EAJk zilboreste berdina partekatzen dutela. Bildu udalean sartu zen duela lau urte, elefante bat eltze denda batean bezala, eta hiria erabat geldituta egon da; hizkuntza liskarrerako tresna bezala erabili dute, presoentzat eskatzen dute botoa, eta independentzia kontsultak bultatzen dituzte… guk, aldiz, langabezia eta etxebizitza ditugu ardatz, gizartea batzea eta gehiengoa ordezkatzea dugu helburu”.
Sanchez izan da azken hizlaria. Donostian bizitzea gustatuko litzaiokeela adierazi du, eta Gascoren hautagaitza babestu du: “Ez dut itsasoan bustitzeko aukerarik izan, baina Gascoren alde bustiko nahiz dudarik gabe. Bada garaia Donostia atsekabetu honi buelta emateko. Azken finean, Donostiaren urterik onenak sozialistak boterean zeudenean gertatu dira, eta garai horietara bueltatu behar gara”. Amaitzeko, Gascok egindako eskaerak bultzatuko dituela aipatu du: “Espainiako Gobernuko presidentetzara iristen naizenean, dudarik ez izan aipatutako proiektu horiek gauzatuko ditugula elkarrekin, eta hiri honek berriro distiratuko du”.