Gazteen lokalak arautzeko 15.000 euro bideratuko ditu udalak
Gida digitala argitaratu dute, gazteei informatu eta erraztasunak emateko.
Donostiagaztea web orrian egongo da eskura gida hau.
Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko 15.000 euro bideratuko ditu udalak. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko partida. Diru hori ordenantza egokitzeko erabiliko dute, hala, lokalen sustatzaile bakoitzeko 1.000 euro banatuko dituzte, lokalak araudira egokitzeko beharrezko inbertsioetan laguntzeko. Horrekin batera, Gazteriako zinegotzi Naiara Sampedrok eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek gida digitala aurkeztu dute, araudia ezagutu eta legea betetzeko informazio guztia bilduz.
Burutaranek adierazi du urrats garrantzitsua dela lokalen ordenantza egitea: “Udalbatzak apirilean onartu zuen behin-behinean ordenantza hau, eta aurrerantzean, beraz, lokal horien egoera arautuko da, orain arte arautu gabe baitzegoen. Ordenantza honen bidez gazteen biltzeko eskubidea bermatuko da, beti ere segurtasun, osasun eta ongizate baldintza egokiak betetzen badituzte. Lokal duinak izango dituzte, eta, nola ez, bizilagunen eskubidea ere bermatuko da”. Tresna honen bidez lokalek zer ezaugarri eta baldintza bete behar dituzten zehaztu dute, bai hirigintza eta arkitektura aldetik, eta bai suteen prebentzio, osasun, ingurumen eta erabilera aldetik.
Lokalen erregistroa
Sampedrok azaldu duenez, ordenantza berriarekin lokalen udal erregistro bat sortzeko aukera izango dute gazteek: “Gazte lokalena gorantz doan gizarte fenomeno bat da, eta beharrezkoa zen arautzea, askotan egoera oso kaxkarrean daudelako, baita osasun baldintzen ikuspuntutik”.
Donostian azken urteetan ugaritu egin dira lagun taldeen lokalak, eta zinegotziaren arabera espazio hauek autokudeaketaren erreferente bihurtzen ari dira: “Gazteek espazio propio bat izatea oso inportantea dela uste dugu, elkarrekin egoteko, aisialdia antolatzeko, eta espazio hauek, zalantzarik gabe, plataforma egokiak dira euren autonomia garatzeko eta kultur ekimenak eta bestelako ekimenak abian jartzeko”.
Gidari esker, araudia nola bete eta lokala ondo erabiltzeko azalpenak, aholkuak eta gomendioak jasoko dituzte gazteek Sampedroren esanetan. Besteak beste, lizentzia lortzeko eman beharreko pausoak, betekizun tekniko eta lege eskakizunak aurkituko dituzte, eta baita zer baldintza bete behar dituzten (gutxieneko espazioa, aireztapena…), zer neurri hartu behar diren espazioaren segurtasuna bermatzeko (su-itzalgailuak, larrialdietako argiak…), zer pauso eman behar diren lokal batek udal ordenantza betetzeko (jardueraren aurretiazko jakinarazpena egitea…), intereseko informazioa (tarifa elektrikoak, zer aseguru mota komeni den kontratatzea, zer pauso eman behar diren ur kontagailu bat jartzeko…) eta beste hainbat fitxa zabalgarri, gazte taldeari lokaleko eguneroko lanak antolatzen laguntzeko (garbitzeko egutegia, errenta kontratuaren eredua, lehen sorospenen gida, suteak saihesteko aholku praktikoak…).