San Telmo Museoko zuzendari Susana Soto, San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteko presidente Montserrrat Fornells eta koadroaren egile Edu Lopez.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Museoen Nazioarteko Eguna izango da datorren astelehenean, maiatzak 18. Hori dela eta, San Telmo Museoak hainbat jarduera antolatu ditu astebururako, eta museoko sarrera doakoa izango da larunbat, igandea eta astelehenean.
Gizarte iraunkor baterako museoak da aurtengo nazioarteko egunaren leloa, eta musika, dantza eta haurrentzako tailerrak izango dira San Telmon.
Maiatzaren 16an, larunbata, irekiera berezia, izago da, 20:15tik 24:00etara. Tarte horretan, sarrera doakoa izango da, eta irekita egongo dira aldi baterako erakusketak -Mendia eta Esther Pizarroren Japoniar lorategi bat: hutsaren topografiak-, eliza eta klaustroa. Taberna zerbitzua egongo da eta Four friends taldeak jarriko dio musika irekiera berezi honi. (Egitarau osoa behean)
‘Arte Ederren jauregia’, opari
San Telmo Museoa, gainera, zorioneko dago. Izan ere, urtero legez, opari bat jaso du Museoen Nazioarteko Egunaren bueltan. Zehazki, San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteak koadro bat oparitu dio museoari; Edu Lopez margolari donostiarraren
Arte Ederren jauregia. Elkarteak museoari eman dion 101. obra da.
Bilboko Arte Ederren fakultatean lizentziatu zen Edu Lopez eta Bilbon bertan bizi da eta lan egiten du 1992tik. Bere ibilbidean bakarkako 26 erakusketa inguru zabaldu ditu, eta erakusketa kolektibo askotan ere parte hartu du. Hainbat sari ere jaso ditu, tartean Artista Berrien Lehiaketa (1990, Donostia) eta Gure Artea (1999, Eusko Jaurlaritza). Azken urteetan, gainera, nazioarteko hainbat azoketan parte hartu du Donostiako Altxerri galeriaren eskutik.
Museoari oparitu dioten obra, Arte Ederren jauregia, iaz margotu zuen. “Justu koadroa egiten hasi nintzenean herritarrak eraikinaren aldeko babesa eskatzen hasi ziren. Orduan, mezua aldatu nuen eta zerua urdinagoa margotu nuen, lainoekin, etorkizun lausoa irudikatuz”, argitu du artistak. Irudiaren behekaldean, gainera, haur bat ikus daiteke, “ez” dioen kartel batekin, eraikinaren defentsan edo: “Jatorrizko eraikinari omenaldi bat egin diot, nik egotea nahiko nukeen moduan egin dut”.
SAN TELMO MUSEOA: EGITARAUA
Maiatzak 16, larunbata.
- Irekiera berezia doako sarrerarekin, 20:15etik 00:00etara. Irekiak egongo dira aldi baterako erakusketak –Mendia eta Japoniar lorategi bat: hutsaren topografiak-, eliza eta klaustroa. Taberna zerbitzua egongo da eta Four friends musika taldea zuzenean arituko da.
Maiatzak 17, igandea
- 11:30-12:30. Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleen eskutik, dantza erakustaldiak elizan: 11:30ean, dantza garaikidea; eta 12:00etan, dantza klasikoa.
- 13:00. Euskal Herria Oinez 7 Hiriburuak ekimena San Telmo Museoan bukatuko da. Hiru urteko ibilbidea izan da, mendiz, 35 etapatan eta 7 euskal hiriburuetan barrena. Vasco de Campingek antolatutako bira horretako partehartzaileak Zuloaga plazara iritsiko dira 13:00ak inguruan. San Telmon sartuko dira, eta bertan harrera egingo diete. Klubeko presidente Txema Garaik piolet bat oparituko dio museoari eta Mendia erakusketara bisita egingo dute.
- 17:00-19:00. Haurrentzako txokoa. Goiko klaustroan, haurrek marraztu eta jolas egiteko aukera izango dute. Ez da aurrez izena eman beharko, eta irekia egongo da bi ordu horietan bakoitzak nahi duenenan hurbildu eta parte hartu ahal izateko.
- 17:00-20:00. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako ikasleen eskutik, hainbat musika emanaldi: 17:00etan, klaustroan, Atotxako flautistak; 18:00etan, klaustroan, Konboa; eta 19:00etan, elizan, gitarra orkestra.
Maiatzak 18, astelehena:
- 10:00-20:00. Irekiera berezia, doako sarrerarekin (normalean astelehenetan museoa itxita egoten da). Mendia eta Japoniar lorategi bat: hutsaren topografiak erakusketen azken eguna.