Hiriari egin dioten ekarpena aitortuko diete emakumeei
Donostiako memoria feministaren inguruko beka bat egingo du bost ikerlariz osatutako talde batek.
Hamaika historio feminista, hamaika aurrerapauso Donostian izeneko proiektua hautatu du Tokiko Gobernu Batzordeak. Maria Silvestre, Raquel Royo, Ester Escudero, Estibaliz Linares, eta Lia Gonzalezek osatzen dute taldea. Bekak 15.000 euroko aurrekontua dauka eta sei hilabeteko epea egongo da ikerketa egiteko. Deialdira beste bi proiektu aurkeztu dira.
Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziaren hitzetan beka honen helburua da emakumeek hirian izan duten lekua ikustaraztea: “Asmoa da emakumeek eta mugimendu feministak hiriari egindako ekarpena aitortzea, ezagutza horretan sakontzea, eta iritzi publikoan euren ekarpena ikustaraztea. Historian ezkutatu izan da emakumea, eta baita emakumeek gizarteari eginiko ekarpena, eta bada garaia egoera hori iraultzeko, mugimendu feministen aldarrikapen historiko horrekin bat eginez”. 1979an Nazio Batuen Erakundeak Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioan behar hori bazela adierazi zuela gogoratu du zinegotziak.
Donostiako Udalak jada beste ikerketa bat sustatu du agintaldi honetan; emakumeek danborradan izan duten papera izan zuen ardatz ikerketa lan horrek: Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz izenburuarekin argitaratu zen lana. Donostiako Udalak III. Berdintasun Plana onartu zuen duela urtebete, eta plan horretan nahitaezko lan ildotzat hartzen da emakumeen parte hartze soziopolitiko eta ekonomikoa sustatzea. Ikerketa lan hauek konpromiso horri erantzuten diote, izan ere, emakumeek hiriari eginiko ekarpenak berreskuratuko duten proiektuak bultzatzeko beharra jasotzen du planak.
Berdintasun Atalak 2000. urtean liburu bat argitaratu zuen: Emakume donostiarrak XIX. eta XX. Mendeetan. 1996. urtetik, Donostiako Emakumeak eta Hiria Foroak hainbat jarduera antolatu ditu gune publikoetan genero ikuspegia sustatzeko, besteak beste, kale izendegian bi sexuetako pertsonak aintzat hartuz, “puntu kritiko” deritzen hiriko gune arriskutsuak identifikatuz, edo hirigintzan genero ikuspegia txertatuz.