Donostiako alkatetzarako hautagaiak beren programaren berri ematen aritu dira asteburuan ere.

EAJko alderdikideak Alderdi Ederren. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Maiatzaren 24a gerturatzen ari da, eta gero eta gehiago nabari da hauteskunde giroa hirian. Alkategaien mezuak autoetan jarritako bozgorailuetatik, alderdikideen argazki eta kartelak kalean, hutagaitzen programak ezagutzeko eskuorriak… Asteburuan ere lan eta lan ari dira alkatetzarako hautagaiak. IRUTXULOKO HITZA Plaz!, EAJ, PSE-EE eta EHBilduren ekitaldietan izan da gaur.
EAJ: Aldaketaren beharra
Jeltzaleak izan dira goiztiarrenak. Kultur proiektuak izan dituzte hizpide Alderdi Ederren.
Eneko Goia EAJko alkategaiak eta Markel Olanok Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko EAJren hautagaiak hartu dute hitza. “Gipuzkoan errealitate-aldaketa baten atarian gaude”, adierazi du Markel Olanok. Orain lau urteko hauteskundeetako emaitzak ez direla errepikatuko uste du, eta alternatiba bakarra EAJrena dela. Azpimarratu du ezinbestekoa dela herritarrek hurrengo igandean parte hartzea, bestela ez delako aldaketarik emango.
Kultur arloaz aritu dira jeltzaleak. Tabakalera bultzatzeko beharra azpimarratu du: “Kultur edukiak sortzeko motorra eta sortzaileen erreferentea izan behar du. Une honetan asko baitira euskal kulturarentzako edukiak sortzen ari diren sortzaileak”. Kultur proiektu eta erronka handiei aurre egiteko, konfiantza eta erakundeen arteko elkarlana berrekuratzea ezinbestekoa dela uste du Olanok, eta konpromisoa hartu du udala, aldundia eta eusko jaurlaritzaren arteko konfiantza berreskuratzeko. Donostiako Zinemaldiari ere babesa helarazi dio, eta “gure herrialdean kultur politikak bultzatzeko interlokutore garrantzitsu bat” izan behar duela azaldu du.
Goia EAJko alkategaiak ere aldaketa hitza nabarmendu du. Aldaketa baten berri ematen duen inkesta bat irakurri duela azaldu du, eta aldaketa hori beharrezkoa dela Donostiak dituen erronkei aurre egin ahal izateko: “Donostiak apustu garrantzitsuak egin ditu kulturan, eta argi ikusi da aldaketa baten beharra, gaur inoiz baino gehiago”.

PSE-EEko kideak Lasala plazan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
PSE-EE: Donostiaren “arima liberal, aurrerakoi eta irekia” aldarrikatu dute
Euskara eta kultura izan du hizpide
PSE-EE-k, eta
Indalezio Bizkarrondo Bilintx omendu dute beren agerraldian. Hain zuzen, Lasala plazan bildu dira sozialistak, Bilintxen izena daraman kaletik oso gertu. “Euskaraz idazten zuen XIX. mendeko Donostian; hiritar konprometitu eta aurrerakoia izan zen, azaldu du Harkaitz Miner PSE-EEren zerrendako hautagaiak. Honen harira, Ramon Etxezarreta Donostiako Udaleko PSE-EEko zinegotzi ohiak adierazi du tradizio liberaleko hiria izan dela Donostia, eta tradizio liberalak egin zuela euskararen defentsa. Etxezarretak 20 urte egin zituen Odonen alkatetzan, eta esan du “salbuespenik gabe”, adostasunean hartu zituztela euskara eta kultur arloan egindako lanak: “Gaur da eguna oraindik garai hartan proposatutakoak ez duela kritikarik jaso”. Elebistasunaren defentsa egin du, eta euskararen aldeko diskriminazio postiboaren alde agertu da.
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ere hartu du hitza. Hiri guztiek arima dutela, eta Donostiarena beti arima liberal, aurrerakoi eta irekia izan dela azpimarratu du. Arima hori galtzen ari dela uste du Egigurenek, beste hiri kontzeptu bat garatzen ari direlako beste batzuk. Adierazi du hauteskundeetan bi Donostia daudela aukeran: “Donostia ez den Donostia, eta bizkaitar ikuspegi bat duena, beste nazionalismo mota batekoa; eta Gascorena, hiri liberal eta ireki baten eredua ordezkatzen duena”.
Ekitaldia Ernesto Gascoren hitz batzuekin amaitu dute. Gabriel Zelaiak Bilintxi buruz idatzitako poema bat irakurri du, eta ondoren, Antzoki Zaharreko sarrerari bere izena jartzeko proposamena egingo duela adierazi du. Bilintx Antzoki Zaharreko atezaina izan zela azaldu du Gascok.
Plaz!: “Hiria feminismotik birmoldatu eta birpentsatuko dugu”

Plaz! hautagaitzako Danele Sarriugarte, Josebe Iturrioz eta Kattalin Miner. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Plaz! hautagaitza feministak kanpainako ekitaldi nagusia egin du gaur, Alderdi Ederren. Sabur taldeak zuzeneko musika jarri dio ekitaldiari, eta serigrafia tailer txiki bat egin dute bertan. Ekitaldian parte hartu dute Sara Cozar aktoreak, Danele Sarriugarte idazleak, Kattalin Miner kazetariak eta Josebe Iturrioz Plaz! hautagaitzako zerrendaburuak. Aldaketa gorpuzteko hautagaitza dela azpimarratu dute: “Gure kandidatura ez dago emakumeentzat bakarrik pentsatua. Plaz!-ek plazara atera nahi du gorputzak, pertsona eta bizia ulertzeko beste modu bat. Gizon zuri heterosexual autonomo eta kapitalismoarentzat pentsatutako hori ez da existitzen. Pertsona guztiak gara zaurgarriak eta elkarren mendekoak: beharrak ditugu. Ez dugu emakumeentzako politika egiten: pertsona guztien eskubide oinarrizkoak urra ez daitezen egiten dugu politika”, adierazi du Josebe Iturriozek. “Feminismoa da, hain zuzen, gizarte bidezkoagoak, orekatuagoak, berdinzaleagoak eta eramangarriagoak lortzeko gehien lan egin duten mugimenduetako bat. Hori da gure apustua”, gaineratu du. Egun, berdintasun atalean udal aurrekontuaren 0’1 inbertitzen dela azaldu du Iturriozek. Administraziotik egoera honi buelta eman behar zaiola, eta genero desberdintasunak duen eragina aztertu behar dela.

EHBilduko alkategai Juan Karlos Izagirre gazteei zuzendutako politikez aritu da gaur. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
EH Bildu: Gazteei ahots propioa eta baliabideak eskaintzearen garrantzia
Grosen izan dira
EH Bildu-ko kideak, Ramon Maria Lili pasealekuan duten hauteskunde bulegoan. Gazteak izan dira ekitaldiko protagonistak, haiei zuzendutako politikak izan baitituzte hizpide. Iker Apilanez eta Nerea Etxeberria gazteek eta Juan Karlos Izagirre alkategaiak hartu dute hitza. Mikel Carton bakarlariaren abesti batek eman dio hasiera ekitaldiari. Bien artean, beste gazte batek
EH Bildurekin gazteok garaile zioen graffitia marraztu du. Jarraian gazteek hartu dute hitza. Apilanezek eta Etxeberriak gazteen aldarrikapen nagusiak zeintzuk diren azaldu dute, “gazteen beharrak hobekien defenditzen dituen aukera EH Bildu dela” ondorioztatzeko.
Gurasoen etxetik joateko eta etxebizitza bilatzeko zailtasunak dituztela adierazi dute, eta beren bizitza eta autonomia pertsonala garatzeko espazio propioak behar dituztela aldarrikatu dute. Lan merkatuan kontratu prekarioenak dituztela salatu dute: “bekario eta praktika lanak, diru iturririk gabe, langabezia tasa altuenekin. Enplegu duina behar dugu. Eman gure tokia lan merkatuan”. Kultura ere izan dute hizpide, eta “kulturaren hiria izan nahi duen honetan” gazte sortzaileen tokia aldarrikatu dute. Horregatik, Donostiako Gazte Sortzaileeb Datu Basea sortzeko eskatu dute, “kulturaren hirian gure tokia ere izan dezagun”. Sorkuntzarako espazio propio autogestionatuak behar dituztela nabarmendu dute: “sorkuntzarako, antolatzeko, gure beharrak asetzeko, gazteok gure problematikak elkar partekatzeko”. Udalean ere gazteek tokia behar dutela plazaratu dute: “Utziguzue tokia instituzioetan. Zerrenda politikoetan ere espazioa behar dugu.”
Juan Karlos Izagirre alkategaiak adierazi du Donostia zaharkitzen ari den hiria dela, eta geroz eta gutxiago direla gazteak hirian: “Egun, %15 dira gazteak Donostian”. Etorkizuna direlako, eta orainaldian ere ekarpena egiten dutelako, Donostiak gazteak behar dituela azaldu du Izagirrek: “Gazteria dinamiko, bizi eta antolatu bat edukitzea balio garrantzitsua da gure hiriarentzat. Gazteriak eraldaketa eta berrikuntza dakar; eta Donostian gauzak egiteko eredu berria eraikitzen ari garen honetan, gazteen ekarpen berritzailea beharrezkoa zaigu oso. Donostiak bizi duen eraldaketan gazteak ezinbesteko osagaia dira. Horregatik aldarrikatzen dugu gazteei ahotsa eta baliabideak eman behar dizkiegula Donostiako udaletik”. Donostiako Gazteriaren I. Diagnostikoa egin dutela, eta orain I. Gazte Plana osatzen ari direla esan du Izagirrek.
“Gazteek beraien nahiak garatzeko espazio propioak edukitzeari garrantzi handia eman diogu. Antiguon bezala, udal eraikin bat auzoko gazteek kudea dezaten utzi dugunean. Edo Espazioak utziz ere, gazteen bestelako beharrak asetzeko, Intxaurrondon bezala, musika taldeentzako entsegu lokal publikoak egin ditugunean. Baita gazte koadrilek aisialdirako erabiltzen dituzten lokal pribatuen egoera hobetzeko araudia eratzean ere”, jarraitu du.
Datozen urteetan ere, bide beretik egingo dutela ziurtatu du Izagirrek: “Gazteentzako espazio ireki eta autogestionatuak bultzatuko ditugu. Gazte sorkuntza bultzatzeko, sortzaile hasi berriei hiriko espazio kulturaletan aukerak emateko, Gazte Sortzaileen datu Basea sortuko dugu. Etxebizitzaren eremuan, besteren artean, 5 urterako gazteentzako etxebizitza poltsak zabalduko ditugu. Gazteentzako 120 apartamentu berri gauzatuko ditugu Ulian eta Txominen. Enplegua sustatzeko plan bereziak bultzatuko dira gazteei begira, eta gazte kooperatibak sustatzeko programak martxan jarriko ditugu. Haur txoko eta Gaztelekuen sarea auzo berrietara zabalduko dugu. Eta Gazteria Saila gazteengana hurbilduko dugu, parte hartzea hobetzeko”.