Summa Aldapeta eta Santo Tomas Lizeoa izan dira onenak Kontxan
Eskolarteko futbol txapelketako azken jardunaldia eta finalak jokatu dituzte asteburuan hondartzan
Hiriko eskoletako gaztetxoek emozioz bete zuten larunbatean Kontxa. Hainbat ikastetxeetako 43 mutil taldek eta 17 neska taldek hartu zuten parte eskolarteko futbol txapelketako azken jardunaldian, hondartzan. Zehazki, bigarren urteko alebinak aritu ziren, nor baino nor, eta onenek finalak jokatu zituzten. Santo Tomas Lizeoak irabazi zuen nesketan, eta Ekintza izan zen bigarrena; mutiletan, berriz, Summa Aldapeta izan zen txapelduna, Santo Tomas Lizeoaren aurretik. Giro bikaina izan zen nagusi hondartzan, gurasoen babesarekin.
Partida guztiak jokatu ondoren, sari banaketa egin zuten, eta hainbat lagun ezagunen eskutatik jaso zituzten garaikurrak gaztetxoek: Ikerne Badiola, Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua eta Asier Sarriegi, aldundiko Kirol zuzendaria; Juan Karlos Izagirre alkatea eta Josu Ruiz, Kirol zinegotzia; Gero Rulli, Joseba Zaldua eta Cristina Pizarro Realeko jokalariak; eta Nekane Soria, Joseba Ibarburu eta Alex Uranga, Realeko kontseilariak.
Antolaketa berria izan du aurtengo futbol txapelketak. Hala, eskoletako gaxtetxo guztiek (neskek eta mutilek) parte hartzeko aukera izan dute, eta egutegi guztia jarraian osatzeko aukera izan dute. Itsasoaren gora-beherek ez dute baldintzatu aurtengo lehia. Sistema berri horrekin, gainera, beste kirol batzuetan lehiaketak antolatzeko aukera erraztu du, eskubaloian edo saskibaloian, esaterako.