
Idoia eta Xenki izan ziren iazko txapeldunak, eta Ivan eta Mirari txapeldunordeak. (Argazkia: Triniko Pala Txapelketa)
Duela lau urte izan zuten ideia Altzatarra klubeko zenbait kidek, pala txapelketa herrikoi bat antolatzeko. Ideia hark arrakasta izan zuen, eta ordutik urtero antolatu dute lehia:
Triniko Pala Txapelketa. Aurtengo lehiarako ere zabaldu dute izen ematea, maiatzaren 25a bitartean. Txapelketan parte hartzeko baldintza bakarra dago, bikotea gizon batek eta emakume batek osatua egotea.
Triniko IV. Pala Txapelketa ekainaren 8tik 27ra izango da. Partida guztiak trinitate plazako frontoian jokatuko dituzte, 18:00etatik 21:00etara. Teniseko pilotarekin jokatuko dute eta 22 tantotara izango dira norgehiagokak.
Bikote bakoitzak 20 euroko izen ematea ordaindu beharko du, eta bikotekideek kolore bereko elastikoarekin jokatu beharko dute. Epaile lanak ere egin beharko dituzte jokalariek. Hala, partida bakoitzaren ostean, bikote bakoitzeko kide bat bertan geratu beharko da, batek epaile lana egiteko eta besteak markagailua eramateko.
Informazio gehiagorako eta izen emateak egiteko,
trinitxapelketa@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke edo
627 403 403 (Alaitz) telefono zenbakira dei daiteke.