Osasun, kirol eta kultur gune izateaz gain, Arraindegi eraikina Turismo Bulegoaren egoitza ere izatea nahi du Bilduk, proiektua aurkezteko agerraldian jakinarazitakoaren arabera.
Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutara, Bretxako Arraindegi eraikinerako aurreikusitako egitasmoa azaltzen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Bretxako Arraindegi eraikinaren proiektu berria aurkeztu zuen asteazkenean Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranek. Horrela, osasun etxearekin batera, eraikinak kirol eta kultur guneak izatea aurrikusi du udalak. Burutaranek azaldu duenez, osasun etxeak sarrera independentea izango du Bretxako plazatik, eta lehen solairu osoa hartuko du. Kiroldegiak eta kultur guneak, aldiz, beste sarrera bat izango dute San Juan kaletik. Kiroldegia bigarren solairuan kokatu nahi dute, eta kultur gunea egiteko, berriz, hirugarren solairu bat eraikiko dute, gaur egun zinema aretoek betetzen duten espazioa berrerabiliz.
Burutaranen esanetan, Erdialdeko eta Parte Zaharreko bizilagunei emango die zerbitzua: «Hala ere, elementu erakargarri gisa funtzionatzea nahi dugu baita ere, hau da, gertuko dendetara jendea erakartzeko pizgarria ere izatea da asmoa, horrek merkataritzaren dinamizazioan lagundu dezakeelako». Bere hitzetan, Erdialdea eta Parte Zaharra da Kirol Txartelaren erabileran ratio baxuena dutenak, kiroldegirik ez dutelako.
Kirol guneak San Juan kaletik izango du sarrera igogailu bidez. Bertan erreglamenduzko saskibaloi kantxa bat egingo dute; Burutaranen esanetan, beste erabilera batzuk izan ditzake, areto futbola eta eskubaloia kasu. Horrekin batera, solairu berdinean, 285 metro koadroko gimnasio kardiobaskularra egingo dute, 131 metro koadroko beste gimnasio bat, adinduentzat gimnasia areto bat eta haurdun daudenentzat laugarren gimnasio bat. Espazioa irabazteko, gaur egun dagoen eskailera mekanikoa kenduko dute, horrela, bi solairu erabat independente sortuz. Kiroldegiak hiru aldagela izango ditu, eta baita harrera gela bat ere.
Eraikita dagoena moldatu
Kultur gunea, berriz, goiko aldean kokatuko dute, gimnasioaren gainean. Eraikinak soilik bi solairu dituen arren, hirugarren bat eraikitzeko nahiko espazio dagoela adierazi du zinegotziak, egun zinema aretoek betetzen duten espazioak oso pareta garaiak dituelako: “Eraikina bere osotasunean bereganatzen dugunean, posible izango da hirugarren solairu bat egitea, horretarako eraikina eraldatzeko beharrik gabe. Obrak egiterakoan, beraz, ez dugu dena botako, dagoeneko eraikita dagoena moldatu baizik”.
Kultur guneak 102, 128 eta 87 metro koadroko hiru areto izango ditu, eta horietako batek proiektorea izango du, zine forumak egin ahal izateko. Burutaranen esanetan, hitzaldi eta aurkezpenetarako ere erabiltzea aurreikusi dute espazio hori: “Aspaldiko eskakizuna da Parte Zaharrean eta Erdialdean aisialdi eta kultur jarduerak egiteko estalitako espazio bat izatea, eta gune horrek eskaera horri erantzuna emango dio”.