Orain arte asteartetik larunbatera bitarte zegoen irekita.
Egiako haurgunea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Udaleko Gazteria Sailak urtebetez luzatu du Haur Aisialdi Elkarteak Egiako udal Haurtxokoa haurgune proiekturako erabiltzeko aukera. Gainera, haurguneak asteartetik larunbatera goizez ireki ez ezik, igande goizetan ere zabalduko ditu ateak. Arratsaldetan, berriz, asteartetik larunbatera bitartean emango die zerbitzua 6 eta 12 urte bitarteko haurrei.
Guraso eta haur gutxi batzuren egitasmo bezala jaio bazen ere, egun 40 bat familiek osatzen dute elkartea. Hazkunde hau dela eta, elkartea batzorde ezberdinetan antolatzeko beharra izan du, eta honek proiektu ezberdinak lantzea ahalbideratu du. Hauen artean gurasoentzako prestakuntzarako batzordea nabarmentzekoa da. Honen bitartez hezkuntzaren inguruko hitzaldiak antolatu ditu, besteak beste
Haurraren loa edo
Gure seme-alabak aniztasunean heziz. Prestakuntza horretaz gain, auzoko hainbat jardueratan zuzenean parte hartzen ari da, eta elkartea auzoko eragile ezaguna izatera pasa da.
Elkarrekin egoteko gunea
Donostiako Udalak bi haurgune martxan jarri ditu azken lau urteotan: bata Intxaurrondoko Intxhaurgunea, eta bestea Egiako Egihaurgunea. Zerbitzu hauen bidez 0 eta 5 urte bitarteko haurrei eta beren gurasoei elkarrekin egoteko gune bat eskaintzen zaie. Naiara Sampedro, Gazteria zinegotziak, zerbitzu hauen garrantzia azpimarratu du: “Gune hauetan harremanak sendotzen dira eta jarduerak eta programak aurrera eramaten dira. 0-1 urte bitarteko haurrek, lurrean, lasaitasunez eta askatasun handiarekin, egoteko gune bat dute. 1 eta 5 urte bitartekoek berriz jolasteko eta sozializatzeko espazioa aurkitzen dute, eta gurasoek ostera, beraien bizipenak, zalantzak eta esperientziak partekatzeko gunea”.