Urumeako ibarreko auzoetan bizi direnei zuzenduta egongo da.
Gizarte Ongizate sailak Morlansen duen bulegoa. (Argazkia: Lide Ferreira)
Loiolako Erriberako Gizarte Zerbitzugune berria uda ondoren irekiko dute. Auzoko Nemesio Etxaniz kaleko 1-3 zenbakietan dago kokatuta. Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du obra kontratua Urbycolan enpresari esleitzea, 259.660 eurotan. Lanak gauzatzeko epea, gehienez, bost hilabetekoa izango da. Hortaz, uda pasa eta gero, Donostiak zortzi gizarte zentro izango ditu.
Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziak azpimarratu du gizarte zerbitzugune honen kokapenaren garrantzia: “Zentro honek zerbitzu emango die Urumeako ibarreko auzoetan bizi direnei. Auzo horietako biztanleek aurrerantzean zerbitzu hobea izango dute, hurbilagoa. Izan ere, orain arte Morlanseraino joan behar izaten zuten.” Zinegotziaren hitzetan, gizarte zerbitzuguneak gizarte zerbitzuen sistemara sartzeko lehen atea dira. “Gizarte zerbitzuak herritarren eskubidea dira. Gure hirian, sare zabala daukagu. Iaz, 13.615 lagunek erabili zituzten zerbitzu horiek.”
Albizuren esanetan, legealdi honetan gizarte politiken aldeko apustu sendoa egin da: “Donostia hiri soziala da, erreferentea gizarte politiketan. Horren erakusgarrietako bat da legealdi honetan arlo honetarako baliabide ekonomikoak %7,74 igo direla, 22.134.160 euro izatetik 23.993.809 euro izatera pasatu dira”.