Baikor agertu da Irabazi Donostiako zerrendaburua; Easo Politeknikoan eman du botoa.

Irabazi Donostiako Amaia Martinek Easo Politeknikoan eman du botoa, Amara Berrin. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Gogo betez iritsi da
Amaia Martin Irabazi Donostia-ko zerrendaburua botoa ematera. Amara Berrikoa da Martin, eta Easo Politeknikoan eman du botoa, 10:00etan. Hauteskunde kanpaina gogorra izan dela adierazi du, lan asko egin dutela. Urduri baino, ilusioz dagoela aitortu dio IRUTXULOKO HITZAri: “Ilusioz beteta gaude, eta ideia fresko asko ditugu”. Udal hauteskundeetan emaitza onak lortuko dituztelakoan dago Donostiako alkatetzarako hautagaia, eta baikor agertu da: “Arratsaldean Atotxan elkartuko gara denok Ezker Anitzaren egoitzan eta bertatik jarraituko dugu botoen zenbaketa. Ikusiko dugu zer gertatzen den”. Botoa eman eta gero ahaldun gisa hasi da lanean: “Irabazi Donostian guztiok ditugu ardura berberak, eta ahaldun gisa ariko naiz. Beraz eguna auzoz auzo eta hauteslekuz hautesleku pasako dut, dena ondo doala ikusteko”.