EAJko alkatetzarako hautagaia udaletxean izan da goizean, eta herritarrak bozkatzera animatu ditu.
Eneko Goia ahaldun moduan izan da goizean udaletxean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Goizeko lehen ordutik ibili da EAJko alkatetzarako hautagai Eneko Goia Donostiako udaletxean, ahaldun moduan hiritarren bozketa jarraitzen. Goiak duela egun batzuk eman zuen bere botoa postaz, eta gaurko eguna hiriko bozkaguneetan igaroko du, alderdiko laguntzaileei otartekoak banatzen eta laguntzen.
Goiak adierazpenak egin ditu 10:30etan, eta herritarrei bozkatzera joateko deia egin die: “Gaur egun garrantzitsua da, donostiarrek erabakitzeko aukera dutelako; badakite botoa ematera joan behar dela nahi duten hori erabakitzeko, eta horregatik joan behar da bozkatzera”.
EAJko hautagaiak aldaketa posible dela aldarrikatu du: “Bozketa egunean gauza asko erabakitzen dira, eta donostiarrek aldaketa erabakitzeko aukera dute gaur. Horregatik, bozkatzera joateko deia egiten diet; aldaketa posible da Donostian”.
Udaletxea, hiriaren isla
Argazkilari eta kazetari ugari zeuden goizean udaletxean, Goiaren adierazpenen zai. Dena den, aurretik EH Bilduko hautagai Asier Arraiz agertu da udaletxean, bere boza ematera. Arraizek ere herritarrak animatu ditu bozkatzera.
Udaletxera auzo askotako hiritarrak doaz bozkatzera, eta horregatik, ondoren hirian gertatuko denaren isla edo adierazle izan ohi da. Hala, goizean hiritar asko hurbildu dira bertara, eta etengabeko mugimendua izan dute bertako hautetsontziek. Hain zuzen ere, goizeko zortzietan emakume bat azaldu da udaletxean, boza emateko prest. Lehena izan da bozkatzen.
-
-
Eneko Goia udaltxean izan da, mahaietan laguntzen. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)
-
-
Hainbat hiritarrek eskua eman diote Goiari. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)