PSE-EEko alkatetzarako hautagai Ernesto Gascok Francisco Escudero musika kontserbatorioan bozkatu du, 11:30ean.
Ernesto Gasco PSE-EEko hautagaia bere ama eta senarrarekin joan da bozkatzera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ernesto Gasco PSE-EEren alkatetzarako hautagaia 11:30ean azaldu da bere botoa ematera, bere ama eta senarrarekin batera. Francisco Escudero musika kontserbatorioan bozkatu du, eta bertan komunikabide ugari zituen itxoiten. Gascoren amak botoa prest zuen etxetik, eta hautagaiak berriz aretoan zeuden kortinarekin estalitako gune bat erabili du bere botoa prestatzeko.
Gascoren amak bozkatu lehenik, eta ondoren hautagaiak eman du bere botoa. PSE-EEKo kideak mahaian zeuden langileak agurtu ditu banan-banan, eta botoa eman ondoren, kontserbatoriora bozkatzera hurbildutako hainbat herritarrekin hizketan aritu da; hain zuzen ere, kontserbatorioa jendez gainezka zegoen, eta etengabe hurbildu dira bertako mahaietara beren botoa ematera.
Kalera aterata, medioei adierazpenak egin dizkie Gascok, egunaren garrantzia azpimarratuz: “Gaur oso egun garrantzitsua da Donostiarentzat, eta bozketa oso altua izango dela uste dut. Donostiarrek aldaketa nahi dute, eta bihartik aurrera hiri honek gauza asko berreskuratuko ditu, batez ere harrotasuna”.
PSE-EEko hautagaiaren ustetan, bere alderdiak emaitza onak lortuko ditu, eta ustekabeko irabazlea izateko prest dago Gasco: “Jendeak kaletik gelditu dit esateko oraingoan bai, oraingo honetan gure alde egingo dutela, eta bozkatzera etorriko direla. Horregatik, sinetsita nago jendea bozkatzera joango dela, eta emaitza onak aterako ditugula”. Hiriak aldaketarako grina handia duela esanez agurtu da.
-
-
Ernesto Gascok kortinekin estalitako gunea erabili du bere botoa prestatzeko. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
-
-
Gascoren amak bozkatu du hautagaiaren aurretik. (Argazkia: A. Urrutikotexea)