Juan Karlos Izagirre , Igeldoko eskolan, botoa ematen. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hautetsontziak, boto paperak, eskolak, alderdiak… horiexek izango dira gaurko hitz nagusiak. Izan ere, donostiarrei botoa emateko garaia iritsi zaie, datozen lau urtetan Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian zeintzuk aginduko duten erabakitzeko. Alderdien zerrendetan aurkeztu diren hautagaiek ere botoa emango dute gaurkoan, eta Donostiako alkategaien artean, EH Bilduko Juan Karlos Izagirren izan da goiztiarrena. Igeldoko eskola txikian eman du bere botoa Izagirrek, 9:30ean. Eskolara iritsi denean, kazetariak eta argazkilariak agurtu ditu lehenengo; ondoren, botoa eman aurretik, mahaiko kide guztiak agurtu ditu, eta eskua eman die banan bana. “Herritarrak parte hartzera animatu nahi ditut. Gaur parte hartzera, baina baita egunero-egunero parte hartzera ere. Azken finean, herritarrak aktibatuz lortuko dugu sakontzea. Auzoak eta herriak aktibatuago egon daitezen, hori da jorratu behar dugun bidea, benetako eraldaketa lortu nahi baldin badugu”, adierazi du Izagirrek, botoa eman ostean.
Lasai dagoela esan du Igeldoko alkategaiak: “Gero hamaiketakoa egitera etorriko gara, lasaitasun osoz. Arratsaldean konpromiso bat daukat alkate gisa, eta bukatzean, boto kontaketaren zain egongo gara”. Hain zuzen ere, EH Bilduko kideek Kursaalen elkartzeko asmoa dute, emaitzak bertan jaso eta komunikabideen aurrean agertzeko.