Jeltzaleek 13.000 boto eta 3 eserleku gehiago eskuratu dituzte 2011. urtearekin konparatuta.
Eneko Goia Antiguako batzokian, garaipena ospatzen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Eneko Goia alkategai jeltzalea bozkatuena izan da; hauteskunde gaueko garaile nagusia izan da. Ramon Labaien alkate izan zenetik (1983-1987) jeltzaleek ez zituzten udal hauteskundeak irabazten. EAJren igoera nabarmena izan da, duela lau urteko hauteskundeekin konparatuta. Jeltzaleek 13.500 boto eta 3 eserleku gehiago eskuratu dituzte Donostian.
Alkatetza izatetik hirugarren indarra izatera pasa da EH Bildu, 20.467 boto eta 6 eserleku eskuratu ondoren (%20,9). Parte hartzeak zazpi puntu egin zuen gora atzo, 2011rekin alderatuta (%66,5). Antza, Juan Karlos Izagirre alkategaia buru, koalizio abertzaleak ez ditu boto emaile berriak mobilizatu, nahiz eta duela lau urte eskuratutakoak hein handi batean mantendu. Baina, hori ez da nahikoa izan jeltzaleei itzal egiteko.
Udaleko 27 zinegotziak horrela banatuko dira legealdi berrian.
PSE-EE bigarren indarra izan da berriro, azken udal hauteskundeetan bezala. Orduan Odon Elorza zuten alkategai gisa; oraingoan, Ernesto Gasco. Jeltzaleen gorakadari ezin izan diote eutsi, baina bigarren postua baikor jaso dute oraingoan, duela lau urte izandako kolpearen ondoren. Orduko beherakadatik osatu dira neurri batean, 24.007 boto eta 7 zinegotzi lortuta (%24,5). Eserlekuak mantenduko dituzte, baina 4.500 boto gehiago eskuratu dituzte.
PP laugarren hautagaitza bozkatuena izan da, Miren Albistur buru. 3 eserleku izango ditu PPk, 9.272 boto eskuratu eta gero (%9,4). Hiru zinegotzi galdu dituzte; hauteskundeetako galtzaile nagusiak izan dira: 7.000 bototik gora galdu dituzte. Irabazle nagusiena EAJ izan da, baina baita
Irabazi Donostia ere. Amaia Martin buru, 2 eserleku lortu ditu hautagaitzak, 6.947 botorekin (%7,1). Horrenbestez, udalean izango dira lehen aldiz.
Parte hartzea nabarmen igo da Donostian. Aurten 66,65%koa izan da parte hartzea. 2011ko datuekin konparatuta, 7 punti igo da parte hartzea.
2011 eta 2015eko udal hauteskundeen datuak.