Hiriaren aldaketa nahia nabaritu dela azpimarratu du PSE-EEko zerrendaburuak.
PSE-EEko hautagai Ernesto Gasco pozik dago lortutako emaitzarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ernesto Gasco PSE-EEko zerrendaburuak balorazio positiboa egin du atzo jasotako emaitzen inguruan. Gascoren esanetan, hiriak aldaketarako nahia duela adierazi du; bere alderdiak
4.000 boto gehiago lortu ditu aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, eta emaitza oso onak direla azpimarratu du: “Oso pozik gaude lortutako emaitzekin. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, %22 gehiago lortu dugu, eta hori Donostian sozialistek izan dugun emaitzarik onena da ezker abertzalea aurkeztu den aldietan”.
Gascok Eneko Goia EAJko hautagaia zoriondu du, eta akordioetara iristeko konpromisoa agertu du: “Donostiarrek gure esfortzua ikusi dute, eta Bilduri argi eta garbi irabazi diogu, hori baitzen gure helburuetako bat. Orain, Goiari dagokio zer egin nahi duen erabakitzea. Gu hitz egiteko prest gaude; baina ni kontutan hartzen ez nauenak ez dezala gure babesa espero”.