EH Bilduk hauteskundeen balorazioa egin du gaur goizean; hiriak beraien eredua ulertu duela nabarmendu dute.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduko taldekideekin agertu da gaur. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udal Hauteskundeetako emaitzak jasota, balorazioa egin du EH Bilduk gaur goizean, Ramon Maria Lili kalean duen egoitzan. Bertan izan da Juan Karlos Izagirre EH Bilduko zerrendaburua, taldekide guztien babesa jasota. Izagirrek hauteskundeen irabazle EAJko hautagai Eneko Goia zoriondu du, eta botere eskualdaketa “normaltasun osoz” egingo dutela adierazi du.
Parte hartze altuagatik ere hiritarrak zoriondu ditu Izagirrek, eta bere alderdiak jaso dituen 20.467 botoengatik eskerrak eman ditu:
“Hiriak ulertu du badagoela politika egiteko beste modu bat, behetik gorakoa, gizartearen interesak defendatzen dituena”. Izagirreren esanetan, alderdiko kideak pozik daude azken lau urteetan egindako lanarekin, eta balorazio positiboa egin dute: “Gure politika egiteko moduak emaitza oso onak izan ditu hirian, eta pozik gaude, gardentasunean eta politika parte hartzailean oinarritutako politika egin dugulako, auzoetara joanez, eta egunero herritarrekin lan eginez”.
Autokritikarako tartea ere hartu du EH Bilduko hautagaiak, eta gaizki egindakoa aztertzeko prest agertu da:
“Ez gara beste alderdien moduan botoak aktibatzeko gai izan, eta ondo aztertu beharko dugu hori zergatik gertatu den”.
Izagirreren esanetan, etorkizunean bide berdinetik jarraitzeko asmoa dute, beste errealitate batetik: “Ziur gaude hiriak ulertu duela gure politika egiteko eredua, eta dagoeneko errotu da Donostian beste bidea; bidea luzea da, eta orain beste posizio batetik jarraituko dugu gure lana”.
Proiektua helburu
Kazetariek Izagirreri galdetu diote ea bere postuan jarraitzeko asmoa duen, baina zerrendaburuak ez du bere etorkizuna argitu: “Juan Karlos Izagirre ez da garrantzitsuena, garrantzia duena EH Bilduren proiektua da, eta beraz, etorkizunean proiektu hori lantzen jarraituko dugu”.