Donostia guztira iritsi nahi du Donostiarra arraun elkarteak
Komunikazio kanpaina eta webgune berria aurkeztu ditu klubeko presidente Alberto Lopezek
Alberto Goitia-ren lekukoa hartu zuen Lopezek, Donostiarrako presidente postuan, eta bere ukitua jada nabari da kudeaketan. Indartsu hartu du kargua, eta argi du helburua, ahalik eta donostiar gehienengana iristea. Zabaltzeko nahi horretan, lau zutabe banatu ditu Lopezek: ekonomia arloa, kirol arloa, gizarte arloa eta komunikazioa. Klubak diseinatu duen komunikazio kanpainaren berri eman du gaurkoan Lopezek, gaur bertan estreinatu baitu webgune berria Donostiarrak: Donostiarra.eus. “Ikusgarritasun gehiago izan nahi dugu; bukatu dira futbola, saskibaloia eta eskubaloia.. udara dator eta gure txanda da. Donostia guztira iritsi nahi dugu; entzun, ikusi eta ezagutu gaitzatela”, zehaztu du Lopezek.
Webgune berriak hainbat atal ditu; klubaren historia, taldekideak eta estropaden eguntegia, besteak beste. Sare sozialetan ere presentzia handitu nahi dute, eta webgune berritik bertatik loturak jarri dituzte klubaren Facebook (1.600 jarraitzaile), Twitter (700 jarraitzaile), Instagram (350 jarraitzaile) eta Youtube kontuetara. Hala, bide horiek guztiak erabiliko dituzte klubaren gaurkotasunaren berri emateko, eta bazkide eta zaleekin harremanetan egoteko. Yotubeko kontuari dagokionean, esaterako, Donostiarra Telebista sortu dute: “Bideoak jarriko ditugu maiztasun jakin batekin, hamabost egunetik behin, gutxi gora-behera. Gure arraunlariak ezagutaraziko ditugu, gure babesleen berri emango dugu, bazkide kanpainak egingo ditugu… ahalik eta profesionalenak izaten saiatuko gara”. Zozketak ere egingo dituzte jarraitzaileen artean, eta momentu honetan Martin Berasategiren jatetxean bi lagunentzako bazkari baten zozketa abian dute.
Ezagutzera ematearekin batera, bazkide gehiago lortzea du buruan Lopezek; eta urtebeteko epean egungo 1.000 bazkideetatik 5.000 izatera igaro nahi du. Urtean 35 euro jarri behar ditu bazkide bakoitzak, eta babesle handi bat baino babes handiagoa izango direla ziur dago Lopez. “Boletin bat bidaliko diegu bazkideei posta arruntaz edo posta elektronikoz, klubeko albisteekin. Gainera, aukera emango diegu posta elektroniko berri bat egiteko, donostiarra.eus domeinuarekin. Pentsatzen dugu Donostiarrako zaleez gain, donostiar guztientzat erakargarria izan daitekeela aukera hori”.
Taldearen aurkezpena egingo dute datorren larunbatean, kaian
Kirol arloa da Donostiarrarentzat garrantzitsuena, eta presidenteak onartu du gutxien ezagutzen duen arloa hori dela. Hala ere, gainontzeko lan guztia kirol arlorako babes zuzena dela ziurtatu du: “Honek guztiak arraunlariei lagunduko die uretan gertatuko den horretan”. Gainera, taldearen inguruan daudenek albiste onak ematen dizkiotela esan du: “Taldea oso ongi osatua dagoela esaten didate, eta egin dituzten probetan emaitza politak lortu dituztela, baina oraindik ez dakigu aurkariak nola egongo diren. Argi dago guztiak aurrera egiteko kirol emaitza onak behar ditugula, eta hori eskatu diet”. Hala, ligak hasi aurretik, klubeko taldeen aurkezpena egingo dute; datorren larunbatean, 12:00etan, kaiko arrapalan, Aquarium parean. Alberto Lopez presidenteak eta klubeko entrenatzaileek hitz egingo dute aurkezpenean, eta arraunzale guztiei irekia egongo da.
Olatu handi baten gisa iritsi da Alberto Lopez Donostiarra arraun elkartera. 2015a hastearekin batera,