Olatu Talkaren baitan egingo dute inaugurazioa, larunbatean, 10:30ean.
Aitor ikastolako haurrak bide segurua margotzen, Mandasko Dukearen pasealekuan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Aitor ikastola eta bertako ikasleen hainbat gurasoen elkarlanari esker, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak auzotik seguruago ibiltzeko bideak margotzen ari dira. Izan ere,
duela bi ikasturte, haur batek auto batekin izandako ezbehar baten ondorioz, ikasleek bakarrik egiten dituzten bideen inguruan hausnartu eta gaia lantzeko beharra ikusi zuten. Iazko ikasturtean udalarekin bildu eta lehenengo harremanak finkatu zituzten; eta, aurten, berriz, talde handiago bat osatu dute proiektua aurrera eramateko. Hilabete osoan zehar gaia ikasgelan zein kalean lantzen ibili dira, eta gaur eta ostiralean bide seguruak margotuko dituzte.
Maria Reina Eskolak ere jardueran parte hartu du eta ostiralean euren bideak margotuko dituzte.
Larunbatean, egindako lan guztia erakutsiko diete auzotarrei, Olatu Talkaren egitarauaren baitan egingo duten inaugurazio festan, 10:30ean, Tejeria eta Konkorrenea kaleek bat egiten duten lekuan.
Guraso taldearen parte den
Dorleta Mikeok azaldu duenez, helburuetako bat haurrak proiektuaren erdigune bilakatzea izan da.
“Beraien iritziak eta esperientziak jasotzea beharrezkoa ikusten genuen, zein bide egiten dituzten jakin, eta horren gainean lanketa bat egin”. Honela, hilabete honetan astero landu dute gaia. Ikasgelan ideia zaparrada bat egin zuten lehenengo, haurrek bideen inguruan zituzten ideiak ikusteko. Ondoren, ideia horiekin kalera atera ziren, eta bide posibleak egin zituzten.
Hau arriskutsua iruditzen zaizue? Zergatik hautatu duzue zebrabide hau eta ez beste hori? Motzagoa delako? Horrelako galderak egin dizkiete.
Era berean, bide horietan aurkitzen dituzten leku arriskutsuago edo berezietan zer egingo luketen galdetu diete. “Horrekin beraiek eurek, eskulan bidez, egin ditzaketen gauzak proposatzeko eskatu diegu. Adibidez, kartoizko semaforo handi bat jartzea, gidariaren arreta erakarriko duelako, eta modu horretan mantsoago joango delako”. Informazio guzti horrekin ikasgelara bueltatu, eta bideak mapa batean marraztu zituzten. Aitor ikastolan, esaterako, hiru bide egin dituzte: Mandasko Dukearen pasealekutik pasatzen dena, hori asko erabiltzen baitute Musika Eskolara joateko; Iruresoro plazaraino beste bat; eta Aitor ikastolak duen Ametzagaina kaleko eraikinera joateko beste bat.
Azken urratsa gaur egin dutena izan da; alegia, markatuta zituzten bide seguru horiek margotzea. Beste bide guztiak ostiralean margotuko dituzte.
Larunbatean bideen inaugurazioa egingo dute, festa giroan. Tejeria eta Konkorrenea kaleek bat egiten duten lekuan trikitixak, Porrontxo, Porrontxina eta beste hainbat pertsonaia egongo dira. “Haurrek egin duten lana eskertu nahi dugu, egindakoak emaitza bat duela ikus dezaten eta festa batekin ospatzeko”.
-
-
Aitor ikastolako haurrak bide segurua margotzera goizen goiz joan dira. (Argazkia: Lide Ferreira)