Maria Kristina erreginak Lorategi Hirian lehen harria jarri zueneko unea antzeztuko dute auzotarrek, larunbatean
Donostiako mazolariak izango dira pertsonaietako batzuk.
Loiolatarrek elkarrekin egin beharreko lan bat dute larunbatean. Denboran atzera egingo dute bizilagunek, duela ia 100 urteko Loiolara. Hain zuzen ere,
Maria Kristina erreginak Loiolako Lorategi Hiriko lehen harria jarri zuen 1916ko urrian, eta orduko gertakari hura antzeztuko dute, film labur bat osatzeko. “Orain dela 99 urte Maria Kristina erregina etorri zen Lorategi Hiriko lehen harria jartzera. Bitxiena da, duela urte batzuk Zaragozako filmategian pelikula bat agertu zela orduko irudiekin, eta 1999an Euskadiko Filmategiak zaharberritu egin zuen,
minutu bateko filma osatuz. Orain, jatorrizko film horren erreplika bat egitea erabaki dugu auzoko jendearekin, 2016ko ispirituaren barnean”, adierazi dio Loiola kultur etxeko arduradun
Jon Urbietak IRUTXULOKO HITZAri. Hala,
larunbatean, 10:00etatik 12:00etara, 40 loiolatar inguru elkartuko dira Lorategi Hirian, garaiko pertsonaia haien larruan sartzeko. Aktore guztiak auzotarrak izango dira, baina filmaketaz
Aritz Moreno Groseko zinemagilea arduratuko da. “Sei edo zazpi plano bakarrik dira, baina txukun-txukun egin nahi dugu”, dio Urbietak.
Auzotarren artean ongi pasatzeko egun bat izango dela azpimarratu du Urbietak, baina aldi berean, aldarrikapenerako ere erabiliko dutela: “Batetik, Loiolan aspalditik dagoen
Loiola existe. Lanak Bukatu aldarrikapena gogoraraziko dugu, eta bestetik, gizon-emakumeen arteko berdintasuna ere bultzatuko dugu, garai hartan emakumeek ez baitzuten botoa emateko eskubiderik ere”. Hain justu, Euskotreneko geltokiaren lanak direla eta, Loiola hankaz gora dago azken urteetan, eta Lorategi Hiria ere berez bukatu gabeko proiektu horietako bat da. Zehazki, lehen harria jarri zutenean, 400 etxebizitza egitea zen agintarien asmoa, baina horietatik 14 bakarrik egin zituzten. “Beste manifestazio bat egin beharrean, aldarrikapenerako beste era bat da. Protagonista nagusiak gizonezkoak dira jatorrizko filmean, baina loiolatarrak ere ageri dira, eta gure kopia horretan latsariak sartuko ditugu”, gehitu du Urbietak.
Jaietarako prest
Urbietaren hitzetan, auzoko elkarte eta eragile guztietako ordezkariek parte hartuko dute filmean: Loiolatarra elkartea, Hontza elkartea, jai batzordea, kaldereroak, Tantai konpartsa, La Salle ikastetxea, Txomin Eneako auzo elkartea… “Loiolako saltsa guztietan mugitzen direnak egongo dira”. Hala, hainbat pertsonaien artean, honakoak agertuko dira: Eustakio Intziarte Aldai, garaiko alkatea; Donostiako mazolariak, udaleko idazkaria, tenienteak, komandanteak, udaleko arkitektoak…
Loiolako jaiak uztaila bukaeran izaten dira beti, San Inazio santuaren bueltan. Ordurako filma prest izan nahi dute, auzotar guztiek ikus dezaten.