Jaitsiera postuetan amaitu du denboraldia Gipuzkoa Basketek, baina oraindik aukerak ditu ACB Ligan jarraitzeko. Hala ere, bideragarritasun ekonomikorik gabe, klubaren etorkizuna kolokan legoke.
Jaume Ponsarnau eta David Doblas, Illunben, agerraldia hasteko prest. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Bulegoetako partida falta da jokatzeko». Horixe izan zen 2013ko maiatzean Irutxuloko Hitzak idatzitako erreportajearen izenburua. Gipuzkoa Basketek jaitsiera postuetan amaitu zuen denboraldia, eta, azkenean, Urrezko LEB Ligatik talderik igo ez zenez, mailari eustea lortu zuen. Egoera berdinean dago kluba orain, asteburuan maila galdu eta gero, ACB Ligako azken jardunaldian. Historia errepikatuko den ala ez ikusteko dago.
Testuinguru horretan, Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile Jaume Ponsarnauk eta taldeko kapitain David Doblasek agerraldia egin zuten asteartean, Illunben. Kirol arloan oraindik ate bat irekita dagoela onartu zuten, Urrezko Adecco Ligatik inor edo talde bakar bat igoz gero. Hala ere, arlo ekonomikoari eman zioten garrantzia gehiago, ACB Ligan egoteko baldintza batzuk bete beharko lituzkeelako klubak, egun betetzen ez dituenak. «Kluba ekonomikoki bideragarria izatea da garrantzitsuena, ACB Ligan baldintza hoberenetan lehiatzeko helburuarekin. Bistan da aurten baino baldintza hobeak beharko liratekeela, mailaz jaitsi baigara», adierazi zuen Ponsarnauk. «ACB Ligan jarraitzeko aukerak daude, baina ez guztiak. Bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko egin beharko du lan klubak. Horixe da erronka nagusiena», berretsi zuen.
Doblasek esan zuen denboraldi osoan zehar, azken partidako azken hamar minutuetan izan ezik, euren esku izan dutela jaitsiera saihestea. Azken jardunaldia amaitu zenetik, ordea, beste klubek egingo dutenaren zain egon behar dutela onartu zuen. Gauzak errazak ez direla izango aurreratu zuen: «Ez da erraza babeslerik gabeko talde batean egotea».
«Puntu bakar batengatik»
Gipuzkoa Basketeko zuzendaritzako kideek aurrerago emango dituzte klubaren egoerari buruzko zehaztasun gehiago. Ponsarnauk eta Doblasek euren iritzia besterik ez zuten eman, agerraldiaren xede nagusia denboraldiaren kirol balantzea egitea izan baitzen. Kirol arloari lotuta, entrenatzaileak eta kapitainak esan zuten «detaileengatik» galdu dutela maila: «Partida bakar batengatik, puntu bakar batengatik, beste gauza batetaz hitz egiten egongo ginateke orain», adierazi zuen Doblasek, eta azken segundoetan galdutako norgehiagokak zerrendatu zituen. «Luzapen gehien jokatu dituen taldea izan gara Ligan», zehaztu zuen Ponsarnauk.
Hala ere, ez zuten aitzakiarik jarri. Jarraian izandako bost porrotekin hasi zuten denboraldia, baina entrenatzaileak nabarmendu zuen, taldea egokitzen joan zen heinean, egoerari buelta eman ziotela. «Bederatzigarren garaipena eskuratu genuenean, Manresan, une zoragarri batean ginen. Baskonia jasotzea egokitu zitzaigun etxean, oso onak sentitzen ginen, baina Laboral Kutxak eman zigun jipoiak min asko egin zigun. Porrot horren ondorioei ez genien ondo aurre egin», aitortu zuen Ponsarnauk, eta orduz geroztik taldeak behera egin zuela nabarmen azpimarratu zuen.
Taquan Dean jokalariaren ezusteko agurrak taldea ahuldu zuen. Saskiratzaile onena zen; erasoan zailtasunak zituen talde batean, gainera. Asko nabaritu zuten hutsunea, eta jokalarien dohain handiena, talde lana, desagertzen hasi zen, entrenatzailearen iritziz. Norbera saiatu zen irtenbideak bilatzen, talde lana ahaztuta.
Hala ere, aurretik pilatutako garaipenei esker, eta egutegia ikusita, jaitsiera postuetan ez zutela bukatuko pentsatu zuten. Hori akats handiena izan dela nabarmendu zuten entrenatzaileak zein kapitainak: «Ez dut inor engainatuko, baina jokalari bezala lasai nintzen azken jardunaldian; uste baigenuen Manresak ez zuela Madrilen irabaziko. Irabaztera atera ginen Zaragozara, noski, baina gertatu zena ez genuen espero», onartu zuen Doblasek. «Azken jardunaldian gertatutakoa ikusita, uste dut denok ikasi dugula ezin direla suposizioak egin», azaldu zuen entrenatzaileak.
Gipuzkoa Basketek Zaragozan galdu zuen igandean (72-65), eta Manresak ezustea eman zuen Real Madrilen aurka, Europako txapeldunaren etxean (80-90). Bi emaitza horiek eraman dute talde donostiarra zulora, azken unean.