Txirrindulariek ireki dute Olatu Talka
Hiru egunez 200 jarduera baino gehiago jasoko ditu jaialdiak
Olatu Talkaren webgunean ikus daiteke.
Donostia Kulturako Jon Aizpurua pozik agertu da Alderdi Ederren egindako agerraldian: “Ireki berri dugu Olatu Talka. Jarduera berri asko izango ditugu, arratsaldeko Sagueseko roller jaia, igandean Polloeko kanposantuan Burua altxatuko balu… eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”. Donostia 2016 Fundazioko Xabi Paya ere ilusioz beterik agertu da: “Oso pozik gaude proiektua jada hiriaren parte delako, eta hiriko erakundeek jaialdia bultzatzen dutelako. Jaialdiak 200 jarduera baino gehiago izango ditu eta 2.000 eragile inguruk parte hartuko dute. Seigarren jaialdia da, baina urtez urte berrituz joan da. Nabarmendu nahi ditut Amarapedia, wikipedia eta auzo bat batuko dituen jarduera; eta Kontxako erlojua eta Antiguako tunelaren arteko bidea autoentzat itxiko duen jarduera, igandean”.
Olatu Talka jaialdia hasi da jada. Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburua izango dela ospatzeko jaialdia da Olatu Talka, eta 200 jarduera baino gehiago jasoko ditu asteburuan. Hala, jaialdiari hasiera emateko, hainbat ikastetxeetako gaztetxoek euren bizikletekin bat egin dute gaur goizean, Erdialdean, Biziz bizi jardueraren baitan. Alderdi Ederren elkartu dira, 100 txirrindulari inguru, eta hiriaren erdialdeko kaleetatik ibilbide txiki bat egin dute, garraio iraunkorra aldarrikatuz. Udaletxeko leiho batetik, gainera, luzean hamahiru metro eta zabalean hiru metro dituen lona bat zabaldu dute, Olatu Talka hitzekin. Igandera arte, beste hainbat eta hainbat jarduera jasoko ditu hiriak, eta egitarau osoa