Gipuzkoa Basketeko presidenteak gosaria egin du komunikabideekin, taldeak ACB ligan egindako denboraldia aztertzeko eta egungo egoeraren berri emateko.
Komunikabideekin elkartu dira Gipuzkoa Basketeko presidente eta langileak. (Argazkia: Lide Ferreira)
“Orokorrean taldeak denboraldi ona egin duela uste dut, azken partidak ziraragarriak izan dira; baina
ACB ligan mantentzeko gai ez gara izan, eta horrek amorrua, haserrea eta tristura eragin digu”. Halaxe hasi du
Gipuzkoa Basketeko presidente
Alvaro Bilbaok goizean komunikabideekin egin duen gosaria. Taldeak egindako
denboraldia aztertzeaz gain,
egungo egoeraren berri ere eman du.
Otsailera arte lortu zituzten 9 garaipenak gogora ekarri ditu, eta denboraldiko une gehienetan jaitsiera postuetatik urrun egon direla nabarmendu du, baina horrek guztiak ez die balio izan euren helburu nagusia betetzeko, ACB ligan jarraitzeko, alegia. Ekainaren 15ean LEB liga irabazten duten bi taldeek ACBra igoko diren jakitera emango da. Ez badituzte baldintzak betetzen, Gipuzkoa Basketek liga nagusian jarrautzeko aukera izango du.
Hala ere,
klubaren egoera ekonomikoa larria da oso, eta ACBn egonda ere, arazo horrekin aurrera egitea zaila ikusten du Bilbaok: “Uneoro egoera ekonomikoagatik baldintzatuta gaude, eta
baldintza hauekin ezin dugu aurrera egin“. Izan ere, Gipuzkoa Basket bideragarria izateko eta mantendu ahal izateko lau elementu dira beharrezkoak:
bazkideak, kolaboratzaileak, erakundeak eta babesleak. Presidenteak azaldu duenez, lehenengo biak badituzte; baina babeslerik ez dute eta erakundeen aldetik ez dute nahiko luketen laguntza guztia: “Egonkortasunik gabeko proiektu batek ezin du aurrera egin, erakundeen babesa behar dugu”. Orotara, lau milioi euro behar dituztela aurreikusi dute, lasaitasuna eta egonkortasuna bermatzeko, “aurreko denboraldietako atzerapenak ordaintzeko eta ezustekoei aurre egiteko”.
Lehentasuna, erakundeen laguntza
Hauteskundeen ondorioz, instituzioetan egongo diren aldaketen harira, presidenteak nabarmendu du dagoeneko hitz egin duela zenbait erakunderekin: “Lehenengo harremana baikorra izan da, euren laguntza izango dugula esan digute; baina guk babes hori egonkorra izatea behar dugu, errealitatean oinarritutako baldintza batzuk betetzen dituena”. Behin hori lortuta, proiektuaren laugarren elementua den babeslea etorriko dela ziur dago Bilbao. Hortaz, lehentasuna erakundeen babesa da.
Bestalde,
Jaume Ponsarnau entrenatzaileari buruz galdetu diote kazetariek. Bilbaoren esanetan, entrenatzaileak taldean jarraitzea nahi dute, baina egonkortasunik ez dutenez momentuz kontratua moztu diote. “Jaumerekin asmatu genuen, baina une honetan ezin dugu kontratua mantendu eskainiko dioguna jakin gabe. Proiektuak aurrera eginez gero, lehenengo deia berari egingo diot”.