Elkarretaratzean eraikinen eraisketa saihesteko sinadurak bildu dituzte.

Elkarretaratzea ez ezik, eraisketaren aurkako sinaduren bilketa ere egin dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ondarearen Defentsarako elkarteak Eason dauden hiru eraikinen eraisketa gelditzeko eskatzen ari da egunotan:
Easo kaleko 22. zenbakiko eraikina eta Easo plazako 1. eta 2. zenbakikoak.
San Bartolomen egingo duten birmoldaketaren harira sortu da eztabaida. Hirigintza egitasmoa aurkeztu zutenean jada
gaitzetsi zuten proiektua, “alderdi ekonomikoa ondare historiko eta kulturalaren gainetik ezarri nahi dutelako”. Eremu hori berritzeko plana, ordea,
aho batez onartu zuten martxoko udalbatzarrean, eta proiektuak aurrera darrai.
Ondarearen Defentsarako elkarteak, baina, ez du etsiko, eta egun batzuk daramatza egitasmoaren baitan botako dituzten hiru eraikinen eraisketa saihestu nahian. Horretarako,
sinadura bilketa bat jarri du abian elkarteak,
change.org webgunearen bitartez, eta gaur
elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren, 40 lagunen babesarekin. Egoera salatzeaz gain, beste sinadura batzuk ere bildu dituzte. Oraingoz,
2.500 sinadura inguru lortu dituzte.
Kortazar zabalgune osoa ondare kulturala izatea nahi dute
Elkarteko kide Rafael Garcia Velillak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionaren arabera,
duela gutxi arte eraikin horiek babestuta zeuden. Horregatik,
alegazioak aurkeztu dituzte eta Hispania Nostra elkartearekin ere dabiltza lanean. “Eraikinak ez botatzeko eskaera bidali diogu, eta euren lehentasunen zerrendan dagoela esan digute; atentzioa deitzeko pauso bat bada behintzat”. Honela, Kortazar zabalgune osoa ondare kulturala izatea nahi dute, “eraisketa hauek jarrai ez dezaten”.

40 lagun inguru elkartu dira Alderdi Ederren. (Argazkia: Lide Ferreira)