Aurten soilik sei kontzertu eskainiko dituzte, laguntzak inoiz baino gehiago murriztu dizkietelako antolatzaileei.
Aita Donostia Aste Musikalaren antolatzaileek babes ekonomikoa eskatu dute. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Datorren astean hasiko da
XVIII. Aita Donostia Aste Musikala, eta aurten
euskal konpositore eta
abesbatzak izango dira zikloaren protagonista handiak. Horrela,
hilaren 9 asteartean hasi eta hilaren 14 igandea arte, egunero kontzertu bat eskainiko dute
Kaputxinoen elizan, 20:30ean, erabat doan. Ostiralean, aldiz, kontzertua
San Vicente elizan izango da, hori ere 20:30ean. Kontzertu guztiak solidarioak izango dira; horietako lauetan Donostiako hainbat
Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntzeko aukera izango dute bertaratutakoek, eta gainontzeko bietan lortutako dirua Aita Donostia Aste Musikala finantzatzen laguntzeko erabiliko dute.
Hain zuzen ere,
Aita Donostia abesbatzaren zuzendari eta Aste Musikalaren antolatzaile
Javier Alberdik salatu du inoiz baino diru laguntza gutxiago jaso dituztela aurten, eta horregatik, datorren asteko zikloan
sei kontzertu eskainiko dituzte, aurreko urteetako ohiko hamarren ordez. Alberdiren esanetan, kalitateari eman diote lehentasuna: “Aurreko urteetako kalitatea mantentzea da gure helburu nagusia, baina horrek zikloa murriztera behartu gaitu”. Antolatzaileak azaldu duenez, laguntza publikoek nabarmen egin dute behera, hala nola
udalak eta
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituenak, baina erabat jaitsi direnak pribatuak izan dira: “
Kutxaren kasua aipatu beharra daukagu; jada iaz nabarmen jaitsi zituen laguntzak, eta aurten guztiz ezabatu dizkigu, karteleko babesleen artean izena kentzeko aukera eman gabe”.
Luxuzko programa solidarioa
Zailtasunak zailtasun, Aste Musikalak aurrera egingo du beste behin, eta oraingoan, euskal abesbatzak izango dira zikloaren partehartzaile nagusiak. Hala, astea
Easo Araoz Gazte abesbatzak irekiko du,
Gorka Mirandaren zuzendaritzapean; 12 eta 17 urte bitarteko neskekin osatutako abesbatzak C. Chaminaderen meza bat eskainiko du, eta baita A. Caplet, C. Frank. P. Casals. F. Poulenc eta G. Olaizolaren obrak ere,
Oscar Canendo organo jotzailea lagun. Kontzertua hilaren 9 asteartean izango da Kaputxinoen elizan, 20:30ean, doan. Bestalde, kutxetan bildutako dirua
Egiako Caritas GKEra bideratuko dute.
Nafarroako
Giltzarri abesbatzak hartuko du txanda hilaren 10 asteazkenean,
Isabel Lacarren zuzendaritzapean; Bortziri, Baztan eta Bidasoaldeako abeslari taldeak
Aita Donostiaren Zerupeko izar obra eskainiko dute, J. Uruñuela, J. Elberdin, J. Bello Portu, E. Ugalde eta d. Azurzaren piezekin batera. Kontzertua leku eta ordu berdinean egingo dute, eta bildutako dirua
Donostiako Esklerosi Anizkoitzaren Aurkako Elkartera bideratuko dute.
Luxuzko bakarlaria ariko da hilaren 11 ostegunean, izan ere,
Haizea Muñoz sopranoak euskal konpositoreen egitarau oparoa eskainiko du
Ana Belen Garcia organo jotzailearekin batera. Biek
J. M. Usandizagaren obrak eskainiko dituzte, konpositorearen heriotzaren urteurrena gogora ekarriz; horrekin batera, T. Garbizu, Aita Donostia, J. Guridi. J. Olaizola eta Aita Madinaren obrak interpretatuko dituzte, besteak beste. Ordua eta lekua berdina izango da, eta bildutako dirua
FEDER Gaixotasun Arraroen Elkarteari eskainiko diote.
Hilaren 12 ostiralean kontzertuaren lekua
San Vicente eliza izango da, ordu berean. Bertan,
Ametsa Gazte Irungo abesbatza gaztea ariko da,
Jon Aipzururen zuzendaritzapean. Abesbatzak Aita Donostiaren
Scherzo- laukotea Mi menorren eskainiko du harizko laukote eta pianoaren laguntzarekin; horrekin batera, pop doinuak eskainiko ditu,
Leonard Cohenen
Hallelujah eta
Mikaren
Happy Ending piezak interpretatuz.
Mikel Laboaren
Martxa Baten Lehen Notak ere eskainiko dute.
Akordeoiak izango dira protagonistak hilaren 13an, larunbata;
SuBerri akordeoi taldea
Aita Donostia abesbatzarekin ariko da Kaputxinoen elizan, eta abebsabtzako zuzendari
Elias Goikouriak moldatutako hainbat pieza eskainiko ditu, eta baita Usandizaga, E. Mocoroa eta Astor Piazzollaren obrak ere.
Aste Musikala hilaren 14 igandean amaituko da, Beasaingo
Loinatz abesbatzaren emanaldiarekin.
Junkal Guerreroren zuzendaritzapean,
Xabier Sarasolak sortutako abesbatzak bitan banatutako emanaldia eskainko du. Horrela, lehen zatian kontzertu barrokoa egingo dute, Bach eta Purcellen obrekin; ondoren,
Sorotan Beleko fundatzaile izandako
Mikel Errazkinen hainbat pieza interpretatuko dutzte, eta baita Jabier Busto, Josu Elberdin eta Junkal Guerrerok sortutako abestiak ere. Gerardo Rifon organo jotzailea izango dute lagun, eta bildutako dirua
Donostiako Minbiziaren Aurkako Elkartera bideratuko dute.
Egitarau osatua
webgunean dago ikusgai.