Gladys del Estal oroituko dute bere heriotzaren urtemugan
Igandean Egiako parkean omenduko dute, bere oroitarrian.
Ekologista donostiarra hil zenetik 36 urte bete dira gaur, ekainak 3. Nuklearren Kontrako Nazioarteko Eguneko protesta batean Poliziak hil zuen Gladys del Estal Tuteran (Nafarroa), buruan tiro bat jota. Eguzkik, urtero bezala, omenaldi bat egingo du Egiako parkean. Oroitze-ekitaldia igandean izango da, 12:00etan. Eguerdian parkearen atari nagusian elkartuko dira, eta handik,erromerian Gladys del Estalen omenezko monolitoraino joango dira.
“Hogeitamaseigarrena ez da 0 edo 5ean bukatzen diren urtemuga biribil horietako bat. Hala ere, ez dugu inolaz ere data oharkabean pasatzen uzteko asmorik”, adierazi du Eguzkik ohar baten bidez. Beren laguna zelako, zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ez dutelako ahaztuko, eta egungo borroka ekologistan Gladys del Estal Tuterara eraman zuten arrazoiak bizirik daudelako oroitzen dute Glady del Estal. Eguzkiren ustez, haustura hidraulikoaren eta Abiadura Handiko Trenaren kontrakoak dira egungo borroka ekologistarik nabarmenetakoak, eta horregatik, lore eskaintzaz eta omenaldiaz gain, Fracking Ez eta AHT Gelditu! plataformetako ordezkariek hitzaldi bana egingo dute.