Mikel Garmendia 'Belarra' gudaria hil da, bizipenez betetako bizitza atzean utzita
Mikel Garmendia Belarra (Amara Zaharra, 1915-Beizama, 2015) ehun urterekin hil zen atzo, liburu bat baino gehiago idazteko moduko bizitza atzean utzita.
Amara Zaharrean jaio zen 1915eko apirilaren 23an, baina lau urte zituela Ordiziara bizitzera joan ziren bera eta bere familia. Aitak eta amak 17 seme-alaba izan zituzten sendi batean; bizitzan gertatu zitzaion guztia halakoxea izan zen, ez ohikoa, jaiotze egunetik hasita.
Eusko gudaria izan zen, herria utzi eta Mikel Intxarkundia batailoiarekin bat egin baitzuen. Mendiz mendi ibili zen nazionalen aurkako borrokan, 1936ko gerran. Espioitza lanak ere egin zituen. 1937an, komisario politiko izendatu behar zutenean, Santoña inguruan atxilotu eta heriotz zigorra ezarri zioten.
Bi urtez egon zen kartzelan exekuzioaren zain, kideak nola eramaten zituzten ikusten, baina berari ez zitzaion ordua heldu. Hala, Burgosko presondegira eraman zuten 1938an, eta han Juan Ajuriagerrarekin batera sartu zuten ziega batean, besteak beste.
1939an, indultua jaso zuen. Heriotzatik libratu zen, baina kartzelatik ez. Frankismoak Alcala de Henaresko presondegira eraman zuen, eta 1943a arte ez libre geratu. Dena den, askatasuna osoa ez zuen berreskuratu, soldaduska egin behar izan zuelako –Tetuan eta Tangerren–, eta Valle de los Caidos izenekoan lan baldintza gizagabeetan aritzera behartu zutelako.