Euskara harremanetarako lehen hizkuntza izatea eska daiteke jada Osakidetzan
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak jakinarazi duenez, Osakidetzan dagoeneko euskara ahozko harremanetarako hizkuntza izatea eska daiteke. Egin beharrekoa oso erraza da: osasun zentrora jo eta bertan norberaren fitxan euskara lehenesteko eskatu behar da. Osakidetzako edozein langilek fitxa zabaltzerakoan herritar bakoitzak zein hizkuntzatan nahi dugun harremana jakingo du eta ahozko hizkuntza euskarazkoa bermatzen saiatuko da ahal den neurrian. Bestalde, aukerak ahalbidetzen duen neurrian ere, pediatra,famili mediku edo espezialista euskalduna eskainiko du Osakidetzak.
Bestetik, uda garaian ere osasun alorrean hizkuntza-eskubideak berma daitezen #osasuntsuEUS ekimena abiatu du Kontseiluak, beste hainbat eragilerekin batera. Iazko udan hainbat gorabehera izan ziren oporren ordezkapenetan: mediku erdaldunak jarri zituzten hainbat herritan eta ondorioz kexuak bideratzeko formulario bat jarri du Kontseiluak.