Pablo Alvarez, Tamyka Smith, Maider Oleaga eta Xacio Baño sortzaileen film labur bana aukeratu ditu epaimahaiak
Tabakalerako Ane Rodriguez, Donostia 2016ko Xabi Paya, RECeko Jose Luis Rubio eta Zinemaldiko Jose Luis Rebordinos, programaren aurkezpenean, Tabakalerako Sukaldean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Tabakalerak joan den otsailean eman zuen Ikusmira Berriak programaren berri, eta gaurkoan, programarako aukeratu dituzten lau sortzaileak jakinarazi ditu: Pablo Alvarez (Santiago de Chile, 1985), Tamyka Smith (New York, 1983), Maider Oleaga (Bilbo, 1976) eta Xacio Baño (Lugo, Galizia, 1983). Programa horren helburua, ikus-entzunezko sormena bultzatzea da, bere fase guztietan: prestakuntza, ekoizpena eta erakusketa. Hala, epai-mahaiak aukeratu dituen artista horiek lau astetako egonaldi bat egingo dute Donostian. Bertan, hiru aditurekin laguntza jasoko dute: Oskar Alegria errealizadorea, Marianne Slot ekoizlea eta Paz Lazaro Berlingo zinemaldiko Panorama saileko kidea. Horretaz gain, beste hainbat adituren eskola bereziak ere jasoko dituzte aukeratutako sortzaileek, baina oraindik erabakitzeko daukate zeintzuk izango dire aditu horiek. Gainera, REC Grabaketa Estudioarekin lanean aritzeko aukera ere izango dute sortzaileek, postprodukzioan. Sortzaileen egonaldiak bat egingo du 2015eko Zinemaldiarekin, eta bost astetara luzatuko dute.
Tabakalera, Zinemaldia eta Donostia 2016 Fundazioa elkarlanean aritu dira Ikusmira Berriak gauzatzeko, Donostia Kultura eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin.
Zehazki, otsailean deialdia zabaldu zutenetik, 32 lan jaso dituzte Ikusmira Berriak sailerako, eta honakoak izan dira aukeratu dituzten filmak.
- El extraño (Pablo Alvarez). Dokumental faltsu bat da.
- Fleurette French (Tamyka Smith). Floridan bizi den emakume bat atxilotu egingo dute, 112 larrialdi zenbakira gehiegitan deitzeagatik.
- IRA 26-2, (Maider Oleaga). Elbira Zipitria, Ira, itzuliko da.
- Trote (Xacio Baño). Fikzioa eta errealitatea nahasten dituen film luzea da.