Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen aldeko jai eguna egingo du bost hiriburutan. Anoeta estadioan hautetsontzi erraldoi bat osatuko dute

Hainbat herritarrek aurkeztu zuten egitaraua, Anoetan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
“Gure Esku Dago esan, eta ia ezerezetik dena lor dezakeen dinamika bat sortu genuen. Hiru ardatz soiletan euskal herritar den denak batu nahi ditugu: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron ordua da”. Halaxe azaldu du Gure Esku Dago dinamikako bozeramaile Angel Oiarbidek, mugimenduaren helburua. Hain zuzen ere, hurrengo pausoa emateko prest dago Gure Esku Dago, eta
ekainaren 21ean egingo duen jaia iragarri dute. Agerraldi bat egin zuten horretarako joan den ostiralean, Anoetan, estadioa izango baita jardueraren erdigunea. Hainbat herritar bildu ziren komunikabideen aurreko aurkezpenean, zelaian bertan, hilaren 21ekoaren aurrekari.
Iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen giza-katea egin ostean, aurten, hautetsontzi erraldoi batzuen bueltan egin nahi dute erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena.
Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan jai bana egingo dute ekainaren 21ean, Gaurko hautentsontzia, biharko erabakia lelopean. Donostiako jaiaren gune nagusia Anoeta estadioa izango da. Hautetsontzia bertan osatuko dute.
Oiarbidek adierazitakoaren arabera, “Durango eta Iruñea artean irribarre erraldoi bat sortu genuen. Herri zahar honen txoko bakoitzean sorturiko borondateen baturaren adierazlea izan zen giza-kate hura”. Orain, aldarrikapena bera baino, erabaki hori nola eta noiz gauzatu dutela buruan esan du Gure Esku dinamikako ordezkariak:
“Guri dagokigu herritarrak batzea, aldarria ariketa bihurtzeko”.
Gauzak hala, Gure Esku Dagok ekainaren 21ean “jauzi bat” eman nahi du, jai handi baten bitartez. “Ari gara lanean, herri eta auzoetan norbera bere oihal zatian bere borondatea josten, oihal horiek lurralde bakoitzeko hiriburuetan egingo dute topo, eta horiek josiko dute erabakia posible egingo duten hautetsontzia», gehitu du Oiarbidek.
Sei zubietan
Erabakia dute jada
egitaraua ekainaren 21erako.
Donostian, goizetik gauera izango da zertaz gozatua: 12:00etan giza-kate bat egingo dute herriz herri osatzen ari diren oihalekin, Urumeako sei zubietan; 17:30ean,berriz, Anoeta estadioan bilduko dira herritarrak.
Anoeta estadioan arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusirako bakarrik eskuratu beharko da
sarrera, Internet bidez edo herriz herri banatutako guneetan. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute; 3 eta 15 urte arteko haur eta gaztetxoek 5 euro; eta 2 urtetik beherako haurrek doako sarrera hartu beharko dute.
Edonola, hainbat guneetan banatuko dituzte
jarduerak. Goizean, Bulebarreko kioskoan, herri dantzak egingo dituzte, eta Parte Zaharreko kaleetan barrena Kantu Jira egingo dute. Anoeta estadioaren inguruan, 11:00etan, jatekoa eta edatekoa egongo da –sagardoa, txekor errea, taloak…–, eta arratsaldean, erromeria.
Estadio txikian, 11:30etik 00:00etara, kontzertu maratoia egingo dute. Kalejira musikatu bat ere egin nahi dute oihalen giza-katetik Anoetara, 11:30ean, zubi batetik bestera: Zurriolan txistulariak bilduko dira; Santa Katalinan, elektrotxarangak; Maria Kristinan, trikitilariak; Mundaizen, batukadak; Agirre lehendakarian, txarangak; eta Realaren zubian, dultzaineroak eta gaiteroak. Horrela, guztiek Anoetan bat egin arte.
Illunbe, berriz, familien gunea izango da. 11:00etan, Illunbe izarrez argituz ikuskizuna eskainiko dute, eta elkarrekin arituko dira Gipuzkoako ia pailazo denak. 14:00etan, Irri bazkaria eskainiko dute, eta 15:30ean, dantzaldia egingo dute, txantxariak eta Irrien Lagunaken eskutik.