Alternatiben Herrixkan jai iraunkorren inguruan mintzatu dira; gaur Antiguako Matia kalea hartu dute 50 eragilek, eta festa giroa izan da nagusi.

Jai Herrikoien jasangarritasunaz mintzatu dira Matia kalean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
“Jaiak, edo herrikoiak dira, edo ez dira jaiak” adierazi du Aingura kofradiako kide Nahiko Arraizak. Ideia horrekin hasi dute
Jaiak eta jasangarritasuna berriketaldia, gaur Antiguako Matia kalean antolatu duten
Alternatiben Herrixkaren Egunean. Kalea erabat hartu dute egun berezi hau antolatu duten 50 eragileek, eta bertaratu direnek bestelako gizarte bat sortzeko proposamenak ezagutu dituzte, hitzaldi, merkatu, tailer, joko eta bestelako jardueren bidez. Goiz osoan zehar ehunka lagun ibili dira auzoan, batetik bestera, espaloia eta errepidea zapalduz.
Hain zuzen ere,
ekologia, eredu alternatiboak, feminismoa eta autogestioa izan dira Alternatiben Herrixkaren Egunean antolatu diren hitzaldietan behin eta berriz errepikatu dituzten kontzeptuak. 13:00etan Matia kalean bildu dira
Donostiako Piratak, EHZ, Eguzkizale Konpartsa eta Gora Iruñea! elkarteetako ordezkariak, eta Piraten mugimenduko kide Sheila Padronesen gidaritzapean, jaien antolaketa ereduen inguruan hausnarketa egin dute.
Matia kalea izan da berriketa egiteko taula, bertan pare bat sofa eta hainbat gurpil eserlekutzat jarrita; pixkanaka kalean bueltaka zebiltzanak hurbiltzen joan diren heinean hasi da eztabaida, mikrofonoak hala utzi dienean behintzat. Padronesek aireratu du lehen galdera, eta jaiak eraldatzeko ordezkari bakoitzak bere esperientziak azaldu dizkie bertaratutakoei.
Aingura kofradiako ordezkariak argi utzi du
kalea hartzea beharrezkoa dela jai herrikoiak antolatzeko, eta espazioa berreskuratzeko aldarrikatu du: “Kaleak hartu behar ditugu, espazioa geuregatzea da garrantzisuena, horrek emango digulako gure baloreak indarrean jartzeko ahalmena”. Hain zuzen ere, Piratek arazoak izan dituzte erabilitako espazioetan, batez ere Kaia erabiltzerakoan; aurten oraindik ez diete konfirmatu espazio hori erabiltzeko arazorik izango duten edo ez, baina Arraizaren esanetan, gune hori erabiltzen jarraitzeko asmoa daukate: “Etorkizuneko borroka bertan izango dugu, eta ez dakigu hori noiz gertatuko den, baina espazio horien kudeaketaz mintzatu behar dugu instituzioekin”.
Antolaketa eredua izan da eztabaidarako beste gai bat. Bilboko Eguzkizale Konpartsako ordezkari Gorka Zozaiaren esanetan,
finantzaketa bideak bilatzea ez da erraza, askotan bideak ideiekin kontraesanean sartzen direlako: “Bilbon, kofradien diru sarrerak geroz eta murritzagoak dira; hasiera batean ur botilak ez saltzeko proposatu genuen, baina horrek 500 euro gutxiago lortzea ekartzen zuen; ez da erraza oreka aurkitzea”.
Produktu lokalen salmenta proposatu dute EHZko bozeramaile Pauline Guellek eta Amia Boloquyk, esate baterako bertako garagardo lokala sustatzea. Finantzaketarekin batera,
birziklapenaren arazoaz mintzatu dira Guelle eta Boloquy, askotan, heziketa falta handia dagoela azpimarratuz: “Komunak jartzen ditugu, eta baita birziklatzeko ontziak ere. Baina azkenean norberaren baitan dago horiek errespetatzea”.
Gora Iruñea!ko ordezkari Arkaitz Otaizuk ondo ezagutzen du birziklapenaren arazoa, eta San Ferminetan hiria erabat eraldatzen dela adierazi du: “Kaleak gureak dira, eta beraz, guri dagokigu horiek zaintzea.
Gure esku dago jaiak herriarentzat ala turistentzat izatea nahi dugun“.
Elkarrizketa
elkarlanean hasteko desioarekin amaitu dute hizlariek, eta azken urrats hori Antiguako frontoian eman dute, bertan antolatutako bazkarian.
Solasaldiak eta kontzertuak arratsaldean
Alternatiben azoka osatzen duten eragileek eta artisauen azokak egun guztian izango dira Matia kalean, eta Txantxarrekan ere hitzaldiak eta kontzertuak eskainiko dituzte 20:30ak arte. Horrekin batera, bertako edariak erosteko aukera izango da 19:00ak arte. 17:00etan ekonomia sozialaz mintzatuko dira Olatu Koop, Fiare, Emakume Etxeko Denbora bankua eta Emauseko ordezkariak. Piraten bigarren eskuko azoka eta arratsaldera arte egongo da irekita. Eguna Txantxarrekan amaituko dute.
[Gallery=191]