Erramun Martikorenak Luberri abesbatzarekin kantatuko du sanjoanetan
Antiguako jaietan kontzertu bat egingo dute frontoian, hilaren 19an.
Antiguako sanjoanak ate joka datoz, eta jada prest dute jaietako egitaraua. Haurrentzako jolas eta emanaldiak, erromeria, bertsolariak, pailazoak, erraldoi eta buruhandiak, musika… Ekitaldi asko eta asko izango dira, tartean, Erramun Martikorena abeslariarena. Baigorriko kantariak kontzertu berezi bat emango du Antiguako frontoian, hilaren 19an. Auzoko Luberri abesbatzarekin partekatuko du protagonismoa, elkarrekin abestuko dituzte-eta, bere kanta ezagunenak. Emanaldiaren hasieran Luberriko kantariek emanaldi txiki bat eskainiko dute. Ondoren, Martikorenak akordeoi jotzaile batekin ariko da zuzenean. Eta bukaeran denak elkarrekin ariko dira. Martikorenak Baigorrin eman zuen kontzertu batean du jatorria Antiguakoak. Emanaldi hartan Iruñeko Orfeoiarekin batera abestu zuen, eta formatu bera “modu umilagoan” auzora ekartzea pentsatu zuten jaietako antolatzaileek.
Asteburu honetan bertan hasiko dira jai giroaz gozatzen. Larunbat goizean, haurren futbito txapelketa egingo dute 10:00etan, frontoian. Indarrak hartzeko hamaiketakoa egingo dute frontoian (11:30), Igeldoko esnea izango baitute edateko eta ogitartekoak, jateko. Gaskonia plazan lapiko artean ariko dira jo ta su bakailao txapelketan (13:00) parte hartzen dutenak. Gauean, afari herrikoia egingo dute frontoian, auzoko elkarteek egindako kaxuelitekin. Ondoren, kantatzeko ordua iritsiko da, ‘Ez Don/k Hamahiru Antiguon hamalau’ jaialdia hasiko baita. Auzotarrek mikrofonoa hartu eta euren abesti gustukoenak kantatuko dituzte musikari baten laguntzarekin. Gauerdian, zuzeneko musikaz gozatuko dute frontoian, Oihu, Ezustean, Arkaiko eta DJ Pari-rekin.
Igande goizean auzoko txistulari eta dultzaineroen dianarekin (10:00) esnatuko dira antiguatarrak. Matia kalean zehar kalejira hasiko da 11:30ean, Antiguotarrak, Arkaitz eta Astigar taldeak ariko baitira dantzan. Ondoren, euskal dantza emanaldia egingo dute frontoian, 12:30ean. Arratsaldean, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia izango da frontoian, 17:30ean. Gainera, egun osoan zehar sardina jatea egingo dute frontoian bertan, eta taberna bat jarriko dute.
Hilaren 18a arte atseden hartuko dute, berriz ere pixkanaka abiada hartzen hasteko. Ostegunean, hilak 18, Pirritx eta Porrotx pailazoak iritsiko dira Antiguara. Txo, Mik Mak Txikia emanaldia eskainiko dute frontoian, 18:00etan. Txantxarrekan Oskar Estanga bertsolari eta musikari nafarra izango da. Errimatuz garenera arrimatuz bertso-hip hop emanaldia egingo du 20:00etan.
Txantxarrekako gazteek futbito txapelketa egingo dute larunbatean, hilaren 20an. Frontoian ariko dira lehian 10:00etan hasita. Jose Maria Sert plazan haur eta nerabeentzako “jolas erraldoiak” egingo ditu Haur Txokoak eta Gaztelekuak. Arratsaldean, 20:00etan, Uxue Alberdi eta Amets Arzallusekin bertso poteoa egingo dute Matia kalean, Platero tabernatik abiatuta. Ondoren bertso afaria egingo dute Plateron bertan, 21:30ean.
San Joan bezperan, gau magikoaz gozatzeko elkartuko dira auzotarrak. Buruhandi eta trikitilariek kaleak girotzen hasiko dira 19:00etan eta luntxa egingo dute Plateron, 19:30ean. Kantu Jirak euskal kantekin beteko ditu kaleak, 20:00etan. Une magikoa gerturatu ahala Gaskonia plazan elkartzen hasiko dira, 21:30ak aldera. San Juan sua piztu, suaren konjuroa egin eta soka dantza herrikoia dantzatuko dute. Leire Zumeta eta Amaia Arzarekin erromeria hasiko da 22:30ean, Gaskonia plazatik. Hilaren 26an bukatuko da jaien egitaraua, XXVI. Pala Txapelketaren finala jokatuko dute arratsaldean. Txemi Lasarte auzotarraren izena darama txapelketa, berak antolatu zuelako urte luzez.