Asteazkenean Kursaalen bilduko dira tokiko erakundeetako ordezkariekin; Donostiako puntu kritikoen mapaz mintzatuko dira.

Donostiako gune kritikoen mapaz mintzatuko dira topaketan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako tokiko erakundeetako eta elkarteetako ordezkariak eta langileak bilduko dira
asteazken honetan Kursaalen, azken lau urteotan partaidetzaren inguruan egin diren esperientziak aztertzeko.
Gizarte eragileek, ordezkari politikoek eta administrazioetako teknikariek herritarren
partaidetzan urratu duten bidea eta etorkizunean dituen erronkak aztertzeko
topagunea izatea da antolatzaileen helburua. Horrekin batera, partaidetzan aritzen diren ordezkarien arteko harremanak estutuko dituzte ere.
Topaketak antolatzen dituzten bigarren saioa izango da asteazkenekoa, eta
200 bat lagun biltzea espero dute. Foru Aldundiak bultzatu dituen parte hartze esperientziekin hasiko dira jardunaldiak, eta ondoren, udalek bultzatutako esperientziak aurkeztuko dira.
Hain zuzen ere,
Donostiako puntu kritikoen mapaz mintzatuko dira 12:00-14:00 tarteko hitzaldietan. Parte hartzaileak Santxo Leizaola eta Ana Txurruka udaleko teknikariak izango dira. Arratsaldean, Oscar Rebollo eta Raphael Hoetmer parte hartzean adituek hitzaldi bana emango dute.
Egitarau osoa hemen ikusi daiteke, eta parte hartzeko
izen ematea dagoeneko irekita dago.