Hilaren 18an piztuko dute auzoko jaietako txupina, baina asteburu honetan hasiko da egitaraua.

Indartsu datoz Herrerako San Luis jaiak. Iaz, auzoko festen abestia estreinatu bazuten, aurten, auzoko musikariekin osatutako txaranga aurkeztuko dute:
Tanttaka. Beraiek girotuko dute aurtengo
txupina, eta dantzan jarriko dituzte Luisito eta Luisita eta San Luis plazara gerturatzen diren auzotar guztiak, hilaren 18an, 19:00etan. Aurten ere musikaz beteko dute plaza. Iaz Reincidentes taldea ekarri bazuten, aurten ere rockzale amorratuenak asetuko dituzte Enrique Villarreal
El Drogas,
Flitter eta
Monte del Oso taldeekin (hilaren 19an, 22:00etan).
Jaien egitaraua larunbat honetan hasiko da, XXVIII. Mozkor frentekideok Pala Txapelketaren kopako finalarekin (10:00). Ondoren hamaiketakoa egingo dute Pasaiako txistulariekin, Xixurkil trikitilariekin eta Mozkor Frentekideok otxotearekin. Emakumeek lehen aldiz pala txapelketa egin dute, eta finala jokatuko dute 11:00etan. txapelketetako sariak banatu ondoren kalejiran joango dira denak herri bazkarira. Bazkalostean Xixurkil trikitilariek ikuskizun berezi bat egingo dute 16:00etan. Musean jokatu eta txapelketan parte hartzeko aukera izango da, Bikote tabernan, 17:00etan. Eta
gauean, mozorrotu eta bizilagunak. larratxotarrak, xaxatzeko ordua izango da. Bikingo kaskoak jantzi eta txarangarekin batera kalejiran joango dira Larratxora,
Larratxo berreskuratu dezagun! lelopean.
Igande goiza osasuntsu hasiko dute, Altzako bazterrak ezagutzeko egingo duten mendi irteera batekin, 08:30ean. Eta korrikalariz beteko da auzoa,
XXXVI. Iokin Intxausti ‘Pipas’ herri krosa egingo dute eta 10:00etan. Bukaeran kirolzale guztiek elkarrekin dastatuko dute hamaiketakoa.
Astelehenetik asteazkenera haur eta helduen danborradako eta San Joan suaren dantzarako entseguak egingo dituzte. Eta ostegunean, jaietako txupina piztuko dute Luisito eta Luisitarekin, Ttanttaka txarangak girotuta, 19:00etan. Aurretik, 17:00etan,
haurrentzako zinema emanaldi bat egingo dute San Luis plazan. Txupinaren ondoren
pintxo poteoa egingo dute auzoko tabernetan. Gauean, 21:30ean,
bertso afaria egingo dute Zumardi tabernan.
Xabier Legarreta Arano eta Josu Oiartzabal ariko dira bertsotan.
Ostiralean, hilaren 19an, herri bazkaria egingo dute San Luis plazan (14:00), Mozkor Frentekideok txarangak girotuta. Arratsaldean, 18:00etan,
gazte kuadrillak kalera aterako dira eta euren arteko jolasak egingo dituzte “Herrera goitik behera gozatuz”. Buruhandi eta erraldoiak 18:30ean irtengo dira, Estanga trikitixarekin. Eta gaua luzea izango denez, denak afaltzera joango dira kalejirak alaituta. Gauean, 22:00etan,
kontzertuak Flitter, El Drogas eta Monte del Osorekin. Plazako txozna gunean DJ Riderrek girotuko du gaua.
Hilaren 20an, larunbata, Donostiako Txistularien dianak esnatuko du auzoa 09:00etan. Haurrentzako hamaika jolas izango dira egunean zehar, puzgarriak jarriko baitituzte plazan. Haurrentzako igerileku txiki bat ere jarriko dute. Arratsaldean haurrek piztuko dute beren txupina (17:00), eta marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte. Bisita berezi bat ere izango dute,
Irrien Lagunak-eko Ane Pirata etorriko da eta auzora (17:30). Txokolate jana egingo dute 18:30ean eta astoak ekarriko dituzte plazara, Estanga trikitixak girotuta.
Eguerdian, paella goxoena nork prestatzen duen jakingo dute,
III. Paella Txapelketa egingo dute eta. Gainera, denek paella dastatzeko aukera izango dute herri bazkarian. Eta ondoren, bingoa, aterpean, eta mus txapelketa Bikote tabernan. Haur eta helduen danborrada Ilunbe txarangarekin irtengo da kalera, auzoa danbor hotsez betetzera. Afaltzeko, sardina jatea egingo dute plazan, eta ondoren, elektrotxarangarekin gaua berotzen hasiko dira. Gauerdian musika festa egingo dute, eta karaokea ere ez da faltako.
San Luis eguna
Jaietako egun handia (hilaren 22a) Herrerako txistularien dianarekin hasiko dute, 09:00etan. Pixkanaka festa giroa pizten hasiko da auzoan. Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte eta apar festa egingo dute (11:00). Artisau azoka bat irekiko dute, eta bertan Donostiako lehen sukaldea ikusteko aukera izango dute bisitariek. Altzako baserritarren produktuak, zeramika, bitxiak eta eskuz egindako hamaika objektu erosi ahal izango dira. Bolatoki mugikorrean
bolo, toka eta bote txapelketa egingo dute 11:30ean, eta eguerdian herri emza egingo dute auzoko abesbatza parrokialarekin. Eguerdian, euskal jaia hasiko dute Estanga trikitixarekin eta Ttanttaka txarangarekin.
Sagardoa eta txakolina dastatzeko aukera izango dute auzotarrek. Kantu Jirak ere parte hartuko du jaietan, eta Herrera Kantuz abesbatzarekin eta Estanga trikitixarekin bat egingo du. Herri Ametsa eta Goizaldi dantza taldeen erakustaldiak, herri kantu barrikotea, jubilatuentzako mokadutxoa… Jaiak ez du etenik izango San Luis egunean.
Arratsaldean zalditxo eta zezentxoak ekarriko dituzte plazara, eta 18:30ean herri kirolen ordua izango da,
Saralegi anaiak izango baitira. Arratsaldean, 20:00etan, ‘Mojito bertso saioa’ egingo dute, eta 21:00etan otxotearentzako kasting karaokea hasiko da.
San Joan bezperan esango diete agur Luisita eta Luisitori.
Afari herrikoia egingo dute 20:30ean plazan.
San Joan sua 21:30ean piztuko dute, Pasaiako txistulariekin eta Alai dantza taldearekin. Ondoren, zezensuzkoa eta azken traka piztuko dituzte Herrerako txistulariekin. Gaua DJ Luisito eta Luisitarekin eta
Gaixoa ni-rekin bukatuko dute.