Sexu eraso bat izan da Urgullen
Erasotzailea atxilotu eta epailearen aurrera eraman dute.
Donostiako Udalak adierazi du protokoloa abiatu duela, eta berdintasun eta gizarte zerbitzuetako departamentua biktimaren beharrei begira lanean jarri direla. Udal Gobernuak sexu erasoa errefusatu du eta erasotutako emakumeari elkartasuna adierazi dio. Donostiarrak gertatutakoa salatzeko kontzentrazioetan parte hartzera animatu ditu, eta horrelakorik berriz gertatu ez dadin guztien arteko elkarlana sustatzera deitu ditu. Sexu erasoa 08:00etan izan da, Urgullen. Erasotua izan den emakumeak salaketa jarri du, eta horri esker erasotzailea atxilotu eta epailearen aurrera eraman dutela jakinarazi du udalak.
Eraso Sexisten Kontrako Udal Protokoloa martxan jarri dute salaketa jaso eta berehala; horrela, udaleko zerbitzuek babes eta laguntza osoa eskaini diote erasotutako emakumeari.
Bestalde, udalak dei egin du ere horrelako erasoak salatzera, eta herritar guztiei edozein jarrera edo ekintza sexistaren aurrean erantzun aktiboa izateko eskaera egin die. Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak eraso sexistarik gabeko hiri bat aldarrikatu du: “Uda garaian eta festa giroan bereziki ezinbestekoa da eraso sexisten kontra egitea, ez ezetz dela esatea, eta, zentzu horretan, aurreratu nahi dut iazko udan abian jarritako kanpainari helduko diogu uda honetan ere, eraso sexistarik gabeko hiria aldarrikatu nahi dugulako”.