Udalak zabaldutako lehiaketa dela eta, bizilagunen interesak ezin direla arkitekturaren ondareen gainetik jarri uste dute adituek
Juan Jose Arrizabalaga, Rocio Peña eta Pablo Garcia-Astrain, prentsaurrekoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ez daude umoreko hainbat arkitekto, eta horren lekuko izan da gaur eguerdian eman duten prentsaurrekoa.
Parte Zaharreko Trinitate plaza estaldurarik gabe uztea nahi dute, eta 100 irakasle baino gehiagok eta 1.000 ikasle baino gehiagok eurekin bat egiten dutela diote. Rocio Peña arkitektoa eta
Peña Gantxegi Artxiboko presidentea, Juan Jose Arrizabalaga Donostiako
Arkitekturako Goi Eskolako zuzendaria, eta Pablo Garcia-Astrain,
Atari. Kultura Arkitektura Elkarteko presidenteak hitz egin dute gaurko agerraldian. Arkitektoen arabera,
udalak gaur ireki du plazako frontoia estaltzeko lehiaketa publikoaren lehen fasea. “Plaza estaltzearen guztiz aurka gaude. Ez da arkitektu baten aurka dugun ezer ere. Plaza defendatu eta berreskuratzea nahi dugu”, esan du ozen Rocio Peñak,
Luis Peña Gantxegi zenaren alabak.
Azken batean, bizilagunen interesak ezin direla arkitektura ondarearen gainetik jarri uste dute arkitektoek. “Trinitate plaza monumentu bat bada, horrela tratatu behar da. Pena da ikustea zein egoeretan iritsi den gaur arte, eta lotsagarria da azken urteetan nola tratatu duten”, aipatu du Juan Jose Arrizabalagak.
Trinitate plaza Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen, eta bere lehen obra garrantzitsuetako bat izan zen. Zehazki,
1963ko irailean zabaldu zuten plaza berritua, 100 urte lehenago bota zituzten harresien eraistea ospatzeko. Urteen poderioz, hainbat aldaketa izan ditu plazak; herri kiroletarako erabiltzen zen proba-lekua, esaterako, kirol anitzetarako kantxa bihurtu zuten, plazara ematen duen San Telmoko horma ere berritu egin zuten, sarbideetan hesiak jarri zituzten, komun publiko bat jarri zuten… Batzuk ados daude plazak izandako aldaketa batzuekin, baina gehiago nahi dituzte, frontoia estaltzea esaterako, beste batzuk, ordea, ez daude ados, eta atzera egin nahiko lukete. “Salaketa bat egin nahi dugu, argazkiek argi uzten dute honek ezin duela horrela jarraitu.
Inori ez litzaoke burutik pasako Alderdi Ederren edo Konstituzio plazan futbolean jolasteko ateak jartzea“, salatu du Rocio Peñak.
Ondare izendatu zuten 2013an
Agerraldia egin duten arkitektoek azaldu dute idatzi bat egin dutela
Trinitate Plazaren Alde izenburupean, eta arkitektura, kultura eta gizarteko hainbat pertsona ezagunek babestu dutela. Rafael Moneok eta Iñaki Abalos Hardvardeko Unibertsitateko Arkitektura departamenduko zuzendariak sinatu dute, besteren artean. Idatzi horrekin lehiaketaren aurka agertzeaz gain, erakundeen parte- hartzea eskatu dute. Hala, arkitektoen arabera, XX. mendeko Kultura Ondarea Kontserbatzeko Espainiako Planean jaso dituzten 256 lanen artean, espazio publiko bakarra da Trinitate plaza. Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote plazari babes berezi bat emateko, eta dagoeneko Donostiako Udaleko alderdi guztiei ere euren aldarrikapenaren berri eman diete.
Zehazki,
DOCOMOMO saria jaso zuen 2013an Trinitate plazak. Hala, Iberiar Penintsulako arkitektura modernoaren ondare izendatu zuten, nazioarteko aitzatespena jasoz. Urte hartan bertan, hilabete bat lehenago, 50 urte bete zituen Trinitate plazak.