Sagueseko frontoian lehiatuko dira partaideak, gizonezkoen pala eta esku pilota norgehiagokekin batera

Sagueseko frontoian jokatuko dituzte partidak. (Argazkia: Donostia Kirola)
Groseko Zipotz jaiekin bat eginez, aurten ere gizonezkoen pala eta esku pilota txapelketak jokatuko dituzte Sagueseko frontoian. Aurtengoan, ordea, berrikuntza garrantzitsu bat izango dute, emakumezkoen pala txapelketa bat ere jokatuko baitute.
Txapelketak ekainaren 25etik uztailaren 17ra izango dira. Hala, arratsaldero jokatuko dituzte partidak, 17:30ean. Binakako lehiak izango dira guztiak, eta 25 tantora jokatuko dituzte. Palari dagokionean, emakumeen txapelketan teniseko pilotak erabiliko dituzte, gizonezkoetan, berriz, gomazko puntu horidun pilotak. Gizonezkoen pala txapelketan, gainera, bi maila bereiztuko dituzte. Eskuzko lehiak 22 tantora izango dira, eta larruzko pilota goxuak erabiliko dituzte.
Izen ematea zabalik
Txapelketetan parte hartzeko, posta elektroniko bat bidali beharra dago honako helbidera:
grospilota@gmail.com. Bikotearen izen-abizenak jarri behar dira, telefono zenbakiak, eta zein txapelketetan parte hartu behar duen. Izen emateko azken eguna ekainaren 21a izango da, eta hortik bi egunetara jakinaraziko dute partiden egutegia.
Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko, eta jokatuko duen lehen lehian eraman beharko du dirua. Hala, diru horrekin, txapelketen gastuak ordainduko dituzte, eta finalen egunean egingo duten afaria ordainduko dute.