Antiguako ikastetxeetako bosgarren eta seigarren mailako 238 haurrek parte hartu dute lehian
Lugaritz Ikertze XIV. Ipuin Lehiaketak badu irabazlea jada, Garazi San Sebastian. Bilgas izeneko ipuina idatzi du Jakintzako ikasleak, eta Lugaritz kultur etxean jaso zuen ongi merezitako saria. Bigarren postuan geratu da Santo Tomas Lizeoko Nerea Unanue, eta hirugarren lekuan, Ekintza ikastetxeko Iker Alonso.
Antiguako ikastetxeetako haurrei zuzendutako lehiaketa da Lugaritz Ikertze, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 238 ikaslek hartu dute parte. Lugaritz kultur etxean erakusketa bat osatu zuen Eider Eibar ilustratzaileak, hainbat marrazkirekin; aurkeztutako ipuinek lotura izan beharko zuten erakusketako ilustrazio batekin, gehiagorekin edo denekin.
Lehiaketan parte hartu duten haurren artean, 116 izan dira epaimahaiko kideak, euren kabuz nahi izan dutelarik. Hala, epaimahakideen botu gehien jaso dituzten lehen hiru sailkatuek hainbat sari jaso dituzte; Eider Eibar marrazkilariak berak sortutako motxila eta ilustrazio bana, hain zuzen ere. Gainera, lehiaketako partaide guztien artean hainbat liburu zozkatu zituzten.
Arantza, Garazi, La Informacion, Jimenez, Konporta, Luma eta Tama liburu dendak eta Jator kirol denda izan dira lehiaketako laguntzaileak. Hala, epaimahaikideek denda laguntzaileetan erabili ditzaketen %5eko beherapen bonoak jaso zituzten.