Isabel Coixet, Paco Leon eta Santiago Segurak zuzendutako filmek energia aurrezteko gaia landuko dute Cinergiaren barruan.

Andreu Buenafuente, Jose Luis Rebordinos, Jordi Garcia eta Paco Leon izan dira Cinergia film laburren saila aurkezten. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Umorea energia aurrezten irakasteko bidea izan daitekeela erakutsiko dute
Donostia Zinemaldiak eta
Gas Natural Fenosak antolatutako
Cinergia jardueran aurkeztutako lau film laburrek. Hala, Cinergiaren bigarren edizioa osatzeko, enpresak eta Zinemaldiak lankidetza hitzarmena sinatu dute beste behin. Aurkezpenean izan dira
Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos eta
Gas Natural Fenosako zuzendari orokor Jordi Garcia Tabernero; biek sinatu dute ituna. Bestalde,
Andreu Buenafuente aurkezlea El Terrat ikus-entzunen enpresaren ordezkari moduan izan da, eta filmetako laburretako baten zuzendari
Paco Leon ere aurkezpenean izan da.
Hain zuzen ere, Leonekin batera zuzendari esanguratsuek osatuko dituzte film laburrak, esate baterako,
Isabel Coixet eta
Santiago Segura. Horrekin batera, aktore ezagunek filmetan parte hartuko dute, hala nola, Carmen Maura (Donostia Saria 2013an), Secun de la Rosa, Anabel Alonso, Enrique Villen, Joaquin Reyes, Silvia Abril, Julian Lopez, Kira Miro eta Andreu Buenafuente, besteak beste.
Umorea irakaskuntza tresnatzat hartuta, energia aurreztearen inguruko istorio dibertigarri eta zentzugabeak sortu dituzte zuzendariek. Leonek, adibidez, behi magiko bat hartu du
Vaca Paloma filmaren abiapuntu moduan, eta Carmen Maura eta Secun de la Rosa aktoreen lana goraipatu du: “Niretzat izugarrizko ohorea izan da Carmenekin lan egitea, eta film luze bat egiteko modukoa izan da Secunekin osatu duen ama-seme bikote paregabea”.
Buenafuentek ekoitzi ditu filmak, eta Coixeten
Un corazon roto es como un jarron o roto o un florero filmean aktore lanak egin ditu gainera. Aurkezlearen esanetan, opari bat izan da film laburrak egitea: “Normalean enpresa batek halako lana eskatzen dizunean zaila izaten da originaltasuna eta sortzeko askatasuna bermatzea, baina oraingoan egin dugun lana benetan ikusgarria izan da”. Coixeten lana nabarmendu du Buenafuentek,eta umorera ohitu gabeko zuzendaria izanik, lan dotorea egin duela adierazi du: “Coixet bera oso umore onekoa da, eta istorio polita sortu du; gainera, nire emaztea jarri du protagonista moduan, eta ni berriz bigarren planoan utzi nau; hori umorea izatea da!”. Seguraren
Nivel 7 filma ere aipatu du aurkezleak, eta zuzendariak bere ohiko ildotik landu duela aipatu du: “Oso Torrentinoa da”.
Energia aurrezten ikasiz
Proiektuaren aurkezpenean Gas Natural Fenosako zuzendari ordeak adierazi du zinema babesteak, beren mezua zabaltzen laguntzearekin batera, kulturaren sektore garrantzitsu bat indartzeko aukera ematen diela: “Cinergia urrats bat gehiago da zinemarekiko gure konpromisoan. Konpromiso hori sendoa eta ezaguna da jada, eta bultzada handia eman dio gure enpresaren izenari. Horretaz gain, zinemarekiko hurbilketa hori enpresaren gizarte-konpromisoen arloko beste lan-ildo handi batekin lotzeko aukera eman digu: energia eraginkortasunaren hedapena”.
Talentu berrien lehiaketa
Aipatutako hiru filmekin batera,
laugarren film bat egongo da proiektuan, eta ikasle batek egitea erabaki dute, talentu berriei ateak irekitzeko. Horrela,
Cinergia lehiaketa jarri dute martxan. Helburua zinemako eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasle batek (edo ikasketak duela lau urte baino gutxiago amaitu dituen batek) gidoia idaztea eta filma ekoiztea da. Komunikazioaren munduko profesionalek osatutako epaimahaiak irabazle bakarra aukeratuko du, eta hark, bere film laburra ekoitziko du El Terrat etxeko lantalde teknikoaren laguntzarekin. Horrez gain, Zinemaldian estreinatuko du bere lana. Proposamenak bidaltzeko epea
ekainaren 28an amaituko da, eta uztailaren 6an jakinaraziko da irabazlearen izena.
Zinemaldia, aurrekontuarekin lasai
Donostia Zinemaldiko Jose Luis Rebordinosek jaialdiaren aurrekontuaren inguruan hitz egin du gaur eskainitako prentsaurekoan. Zuzendariaren esanetan, aurten dagoeneko
aurrekontua itxita daukate ia %100, eta beraz, 63. Zinemaldiak ez du arazorik izango jasotzen duen kopuruarekin.
Rebordinosen esanetan,
iazko aurrekontua berdintzea dute helburu: ” Iaz
7.480.000 euroko aurrekontua izan genuen osotasunean, eta aurten ere zifra horietara iristea espero dugu”. Aurrekontua osatzeko gutxi falta zaiela adierazi du zuzendariak, eta zentzu horretan aurten enpresak “lasaiago” dabiltzala aipatu du. “Duela bost urte oso egoera larrian zeuden enpresa asko, baina pixkanaka osatzen doazela nabaritu dugu”.
Hala, azken urtetan maiatzan eta ekainean sinatu bazituzten kontratuak, aurten urte hasieratik sinatuta daudela adierazi du Rebordinosek: “Lasaiago gaude aurten. Kontuan izanda gure
aurrekontuaren %52 diru publikoa dela eta %40 pribatua, zailtasun handirik gabe itxiko dugu aurtengo kopurua”. Zuzendariak gogoratu du gainontzeko dirua sarreren salmentatik lortzen dutela, eta iaz
600.000 euro jaso zituzten iturri horretatik.