Emakumea, 45 urtetik gorakoa eta Zerbitzuen sektorean aritutakoa. Hauxe da langabe donostiarraren perfila, Lan Behatokiaren azken datuen arabera.
Gizon bat Antiguan, Lanbideren egoitzatik irtetzen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
2015eko lehen bost hilabeteetan 259 herritarrek aurkitu dute lana, Lanbideren zerrendetan oinarritutako Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak emandako azken datuen arabera.
Hain zuzen ere, maiatzaren 31ko zenbakien arabera, hirian 10.526 langabe daude gaur egun. Urtea 10.785 langaberekin hasi zen. Urteko indizeari dagokionez, 2014ko maiatzaren 31n 11.505 langabe zeudela kontutan hartuta, azken hamabi hilabeteetan 979 donostiarrek lortu dute lana.
Langabe kopuruaren jaitsierak jaitsiera, Lan Behatokiak emandako datuek badute bere alde iluna. Lehen bost hilabeteetan lana lortu duten 259 herritarretatik 8 bakarrik dira emakumeak. Gainontzeko 251 gizonak dira. Urteko indizearen datuek ere erakusten dute emakumeek zailtasun gehiago dituztela lana lortzeko, baina, kasu honetan, aldea, nabarmena izan arren, ez da hain zorrotza: 598 gizonek eta 381 emakumek lortu dute lana, iazko maiatzaren 31tik honera.
Gaur egun, langabe diren 10.526 donostiarren artean, 4.836 gizonak eta 5.690 emakumeak dira.
Zerbitzuen arloa da langabeziaren termometroa Donostian. Gaur egun, 7.923 pertsona daude lanik gabe arlo horretan, betiere Lan Behatokiaren datuen arabera. Gainontzeko arloei dagokienez, industrian 998 langabe daude; eraikuntzan, 749; aktibitaterik gabeko sektorean, 730; eta nekazaritzan eta arrantzan, 126.
Urte hasieratik, 102 lagunek topatu dute lana zerbitzuen sektorean eta 73 lagunek, eraikuntzan. Datu esanguratsuena industrian egon den gorakada da, zalantzarik gabe. Zerbitzuen sektorea beti egon da arlo horren aurretik, lanpostuak sortzeko garaian; bada, urteko lehen bost hilabeteetan, herritar gehiagok lortu dute lana industrian, zerbitzuen arloan baino: 105 lagunek, hain justu. Igoera hau 2015ean eman da batez ere. Izan ere, urteko indizea kontutan hartuta –2014ko maiatzaren 31tik 2015eko maiatzaren 31 bitartean–, 158 lagunek lortu dute lana industrian. Horrenbestez, 53 herritar iazko azken zazpi hilabeteetan murgildu ziren industrian; gainontzekoak, aipatutako 105 donostiarrak, aurten kontratatu dituzte arlo horretan. Beraz, urtarriletik honera bikoiztu egin da lanpostuen sorrera sektorean.
Beste arloetan gora egiten ari dira pixkanaka-pixkanaka, etenik gabe. Eraikuntzak 147 lanpostu sortu ditu azken hamabi hilabeteetan eta zerbitzuek, 661. Azken honek sektore nagusiena dela argi utzi du berriro; hiriko langabeziaren termometroa, aipatu bezala.
Altzan, 1.570 langabe
Auzoz auzoko datuei dagokienez, Altzak jarraitzen du izaten txoko kolpatuena, 1.570 langaberekin. Antigua-Añorga-Igeldo-Ibaeta multzoa dago zorigaiztoko zerrendan bigarren postuan, 1.233 langaberekin. Amara Berrik 1.203 langabe ditu; Intxaurrondok, 1.151; Egiak, 880; Loiola-Amara Osinaga-Martutene multzoak, 839; Aiete-Miramonek, 797; Grosek, 697; Erdialdea-Amara Zaharrak, 674; Ulia-Ategorrietak, 560; Bidebietak, 519; eta Parte Zaharrak, 299.