Antiguatarrak jai giroan murgildu dira dagoeneko, sua pizteko ohiturari itxaron beharrik gabe. Erramun Martikorenak eta Luberri abesbatzak bat egingo dute ostiralean, frontoian.

Dantzariek igandean egindako kalejira. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Hurrengo egunetan etorriko denaren aurrekaria besterik ez da izan Antiguan egunotan antolatu diren jarduerak. Hain justu, besteak beste, dantzariek hartu zuten auzoa igandean, San Joan jaiak hemen direla iragartzeko. Eta hala da, auzoko festak iritsi dira; indartsu, gainera.
Erramun Martikorena abeslariak kontzertu berezi bat emango du ostiralean, 22:00etan, Antiguako frontoian. Auzoko
Luberri abesbatzarekin partekatuko du protagonismoa, elkarrekin abestuko dituzte-eta bere kanta ezagunenak. Emanaldiaren hasieran Luberriko kantariek emanaldi txiki bat eskainiko dute. Ondoren, Martikorena akordeoi jotzaile batekin ariko da zuzenean. Eta bukaeran denak elkarrekin ariko dira. Martikorenak Baigorrin eman zuen kontzertu batean du jatorria Antiguakoak. Emanaldi hartan Iruñeko Orfeoiarekin batera abestu zuen, eta formatu bera «modu umilagoan» auzora ekartzea pentsatu zuten jaietako antolatzaileek.
Larunbat arratsaldean, Matia kalean ere kantuan ariko dira;
Uxue Alberdi eta Amets Arzallus bertsolariek girotutako poteoaren bitartez, kasu honetan. 20:00etan hasiko da Platero tabernatik abiatuta, eta, ondoren, taberna horretan bertan egingo dute bertso afaria, 21:30ean. Lehenago, larunbatean ere, Txantxarrekako gazteek futbito txapelketa egingo dute. Frontoian ariko dira lehian, 10:00etan hasita. Jose Maria Sert plazan, berriz, haur eta nerabeentzako jolas erraldoiak egingo ditu Haur Txokoak eta Gaztelekuak.
Gaskonia plaza, erdigune
Antiguako jaiak zerbaitengatik ezagunak badira,
San Joan bezperagatik da. Hain zuzen ere, gau magiko horretaz gozatzeko elkartuko dira auzotarrak, asteartean. Buruhandi eta trikitilariek kaleak girotzen hasiko dira 19:00etan, eta luntxa egingo dute Plateron, 19:30ean. Kantu Jirak euskal kantekin beteko ditu kaleak, 20:00etan.
Une magikoa gerturatu ahala Gaskonia plazan elkartzen hasiko dira, 21:30ak aldera. San Joan sua piztu, suaren konjuroa egin eta soka dantza herrikoia dantzatuko dute. Leire Zumeta eta Amaia Arzarekin erromeria hasiko da 22:30ean, Gaskonia plazatik. Hor ez da festa amaituko. Izan ere, hilaren 26an bukatuko da jaien egitaraua, XXVI. Pala Txapelketaren finala jokatuko dute arratsaldean. Txemi Lasarte auzotarraren izena darama txapelketa, berak antolatu zuelako urte luzez. Antiguako jaiak amaituta, beste batzuei egokituko zaie txanda:
Sanpedroak ospatuko dituzte Igeldon eta
sanmartzialak, Altzan.
El Drogas eta Flitter, ostiralean, Herreran
Antiguan ez ezik, Herreran ere egongo da zer ospatu egunotan, San Luis jaiak direla eta. Festen hasiera atzorako zegoen iragarrita, txupinarekin. Iaz festetako abestia estreinatu zuten jaietan; aurten, letrari musika jarri dioten lagunen aurkezpena da berritasuna. Hain justu, auzotar talde batek txaranga bat osatu du festetako egunak girotzeko: Tanttaka. Musikarekin jarraituz, kontzertu erakargarriak izango dira aurten ere. 2014ean Reincidentes taldea ekarri bazuten, oraingoan ere rockzale amorratuenak asetuko dituzte Enrique Villarreal
El Drogas, Flitter eta Monte del Oso taldeekin. Gaur izango da kontzertua, 22:00etan.
Bihar, berriz, bisita berezi bat izango dute haurrek: Irrien Lagunak-eko Ane Pirata etorriko da auzora, 17:30ean.
Sagardoarekin eta zikiro jatearekin agurtu dituzte jaiak Larratxon
Hainbat jarduerekin agurtu zituzten festak Larratxon, igandean. Auzotarrek jai gunea bete zuten eguerdian, eguraldiak aukera eman zuela baliatuta. Sagardo Egunaz gozatu zuten horrela, eta, egarria asetuta, txistorra pintxoak eta zikiro jatea izan izan zituzten aukeran. Gaztetxoak zaldiko-maldikoetara igo ziren, eta zenbaitek ibilgailu zaharren erakusketa bisitatu zuten ikastetxeko jolastokian.