Jose Lainez eta Concha Martinez dantzariak omendu dituzte
'Dantzatzeko ez diren koreografiak' izeneko erakusketa osatu dute 2016 Gunean eta dokumental bat ere egin dute
Gaztetatik, dantzariak
Jose Lainez eta Concha Martinez 16 urterekin joan ziren Donostiatik Amsterdamera, dantzari izateko ametsarekin; aurretik, Donostiako kontserbatorioan dantza eskolak jaso ostean. Bost urtez Het Nationale Balletean dantzatu zuten. 1972an itzuli ziren euren hirira, eta orduan sortu zuten euren lehen dantza garaikide konpainia, Anexa. Adituen arabera, proposamen artistiko, apurtzaile eta probokatzaile berri bat egitea lortu zuten. 1973an, Anexan egindako lanari esker, Bartzelona joan ziren, eta Caspe antzokian hainbat hilabetetan egin zituzten ikuskizunak. Segidan, Institut del Teatreko lantaldean sartu ziren, eta Lainez Dantza Garaikideko Departamentuko koordinatzailea izan zen bolada batean. Handik urte batzuetara, Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko dantza-saileko zuzendariak izan ziren. Han sortu zuten Yauzkari dantza garaikideko konpainia, 1980an. Ordura arte balletarekin lotura gutxi edo batere ez zuten abestiak erabili zituzten.Sortutakoak
Dantzagunearen programetako bat da Sortutakoak. Gipuzkoan dantza-proiektu berriak sortzea, garatzea eta dibulgatzea du helburu. Hala, bere baitan hartzen ditu diru-laguntza bat, egonaldi bat Dantzagunearen Errenteriako egoitzan, dantza dibulgatzeko jarduerak, eta proiektuaren aurkezpen publikoa. 2015eko udaberrian egin zuten Sortutakoak-en zazpigarren ekitaldia, eta Dantzatzeko ez diren koreografiak erakusketarekin batera, edizio tematiko bat egin dute. Hala, partaideek Jose Lainezen testu batetik abiatuta egin dituzte euren koreografia proposamenak. Bi lan aukeratu zituen epaimahaiak, eta erakusketaren barruan aurkeztuko dituzte.‘Ventanas adentro’ dokumentala
Erakusketaren barruan, Jose Lainez eta Concha Martinez dantzari eta koreografoei buruzko dokumental bat estreinatuko dute: Ventanas adentro. Maite Bermudezek, erakusketako komisarioetako batek, zuzendu du. Bertan, bikoteari egindako elkarrizketez gain, Anexako hainbat dantzariri egindako elkarrizketak ere sartu dituzte. Dokumentalaren estreinaldia ekainaren 20an izango da, 2016 Gunean bertan, 19:00etan. Egun gehiagotan ere eskainiko dute: ekainak 21 igandea, 19:30ean; ekainak 25 osteguna, 19:30ean; eta ekainak 28 igandea, 19:30ean.‘Dantzatzeko ez diren koreografiak’ erakusketa
- NOIZ. Ekainaren 18tik 28ra.
- NON. Donostia 2016 Gunean.
- ANTOLATZAILEAK. Gipuzkoako Dantzagunea, Donostia 2016, eta Huarte gunea.