Lau eguneko egitarau zabala prestatu dute auzoko Ikasbide Kultur Elkartetik.
Amara Berriko jaiak, iaz. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Antiguan, Herreran… eta Amara Berrin ere jaietan murgilduko dira asteburuan. Ikasbide Kultur Elkarteak lau eguneko egitaraua prestatu du, eta gaur bertan piztuko dituzte jaiak. Probestu plaza izango da jaien gune nagusia, eta bertan gozatu ahal izango dute hainbat musika, dantza eta bertso emanaldirekin. Arratsaldean, 17:30etan hasita haurrentzako jolasak egingo dituzte Probestu plazan, eta txokolate jana prestatuko dute 18:30ean.
Jaietako txupina 19:30ean piztuko dute, eta Ikasbide Kultur Elkarteko
Imanol Olaizola omenduko dute, elkartea sortu zenetik egin duen lana aitortzeko. Erraldoi, buruhandi eta dultzaineroek girotuko dute festen hasiera. Gauean txabol sotoa eta afari herrikoia egingo dute, eta zezensuzkoa aterako da 22:30ean.
Larunbatean Soinu Alaiko soinu joleekin esnatuko dira bizilagunak, 10:30ean. Eguerdian haur eta helduentzako toka txapelketa jokatuko dute, eta 13:00ean
paella lehiaketa egingo dute Ikasbide Kultur Elkartean. Ondoren, bertan prestatutako paellak dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean, 16:00etan, mus txapelketa azkarra jokatuko dute, eta haurrek puzgarriekin jolastu ahal izango dute plazan. De Patitas En La Calle konpainiak kale antzerkia egingo du 18:00etan. Bertsozaleen gozamenerako,
Bertsow ikuskizuna egingo dute 19:00etan. Jokin Labayen, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Jon Martin eta Manex Mujika bertsolariek parte hartuko dute. Gauean, Joselontxos txarangak auzoko kaleak zeharkatuko ditu, eta 21:00etan afari herrikoia egingo dute auzotarrek. Eta afal ondoren, DJ Nekion-ekin
berbena, 23:00etatik 01:00etara.
Igandean ere Soinu Alaiko soinu joleekin hasiko dute eguna, eta kalejira egingo dute Ikasbideko dantzari eta txistulariekin. Eguerdian emanaldi bat eskainiko dute dantzari eta txistulariek, 12:00etan. Joselontxos txarangak auzoko kaleak girotuko ditu, eta 13:00etan
patata tortilla txapelketa egingo dute. Bezperan bezala, auzotarrek prestatutako tortilla goxoak dastatzeko aukera emango dute 13:45ean. Herri bazkaria 14:00etan hasiko da. Arratsaldean futbol txapelketa egingo dute, eta 19:00etan lehiakete guztietako sari banaketa. Afari herrikoi batekin eta zezensuzkoarekin bukatuko dute eguna.
Asteartean jarraituko du jai egitarauak,
San Joan bezperan. Ikasbideko San Juan abesbatza kalera aterako da 19:30ean, txistulariekin batera. Anoetaruntz abiatuko dira, eta 22:30ean San Juan sua piztuko dute Gasca kiroldegiaren ondoan.