Amaran, Arroka kaleko frontoian inauguratu dute Donostiako egoitza.
Saren herri mugimenduaren topalekuaren ekitaldia. (Argazkia: Sare)
Presoen eskubideen alde “eragiteko, egiteko eta ekiteko” topaleku izango da Sare herri mugimenduaren lokal berria. Presoen sakabanaketaren aurka ahots eta esku berriak batu nahi dituzte, eta hau izango da aurrerantzean, bidean jarraitzeko elkargunea: “euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen urraketen berri emateko, eta berauekin amaitzeko zer egin dezakegun elkarrekin hausnartzeko. Dispertsioaren liburuxkak konpartitzeko, materiala jasotzeko… Eskubideez ari garelako. Eta eskubideek ez dute salbuespenik onartzen; norbaiten eskubideak urratzen direnero denonak urratzen direlako”.
Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ekitaldia. Jose Inazio Ansorena txistulariaren musikarekin hasi zen aurkezpena, Arroka kaleko frontoian, topaleku berriaren ondoan. Sarek argitaratutako dispertsioaren liburuaren irakurraldi txandakatua egin zuten, ekitaldira joan ziren pertsona guztiek irakurraldian parte hartuz. Iñake Irastorza aktorea, Jokin Urain idazle eta preso ohia, Jagoba Codo presoaren senide bat, Xabier Euskitze kazetaria, Iker Lauroba musikaria, Jokin Aranalde iheslari ohia, Donostiako Piraten Xibaroen kofradiako kideak, LAB, ELA eta STEILASeko ordezkari bana, Alaia Martin bertsolaria, Javi Hernando medikua, Jule Goikoetxea idazlea, Xabier Oleaga, Mirentxineko gidari boluntarioak eta Joxe Ramon Bengoetxea zuzenbideko irakaslea izan ziren aurkezpenean, besteak beste.