Koalizio gobernua osatzeko akordioa sinatu dute Eneko Goiak eta Ernesto Gascok.
Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco PSE-EEko udal taldeko burua. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Udal gobernu bateratua osatuko dute EAJk eta PSE-EEk; gaur izenpetu dute udaletxean koalizio gobernua osatzeko ituna. Eneko Goia alkatea eta Ernesto Gasco PSE-EEko udal taldeko burua pozik agertu dira akordioa lortu dutelako, eta “berri oso on bat” dela adierazi dute. Goiak azaldu du legealdiaren hasieratik adierazi izan duela hurrengo lau urteetako erronkei aurre egiteko lehentasunezkoa zela udalari egonkortasuna eskaintzea.
Akordio honen bidez egonkortasuna lortuko dutelakoan dago: “Hiritarrak ordezkatzen ditugun bi talde nagusion arteko adostasunak babesa emango dio akordio honi. Donostiarren %54aren ordezkaritza dugun zinegotzien babesa izango du”.
Hiriari dagozkion proiektu estrategikoak aurrera ateratzeko konpromisoak,udal gobernuaren osaketa eta arlo desberdinen banaketa adostu dute EAJk eta PSE-EEk.
Ernesto Gasco PSEko udal taldeko burua izango da alkateordea, eta haren ardura izango dira ekonomia, merkataritza, ostalaritza eta turismoa. Horiez gain,
PSE-EErentzat izango da auzo, berdintasun, etxebizitza, ingurumen eta espazio publikoen ardura. Guztira, PSEko bost zinegotzik hartuko dute parte gobernuan.
EAJko zinegotziek beteko dituzte Donostia 2016, kultura, euskara, hezkuntza, giza baliabide, ogasun, mugikortasun, kirol eta segurtasun arloak.
Irudian, udal gobernua osatuko duten ordezkariak. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Udal gobernuaren osaketa
Tokiko Gobernu Batzarrean EAJko Eneko Goia, Miren Azkarate, Juan Ramon Viles, Aitziber San Roman, Jaime Dominguez Macaya eta Pilar Arana izango dira; eta PSE-EEko Ernesto Gasco, Duñike Arrizabalaga, Enrique Ramos eta Marisol Garmendia. Delegazioei dagokionez,
Miren Azkarate Donostia 2016, Kultura eta Hezkuntza delegatua izango da;
Juan Ramon Viles Presidentzia eta Gardentasuna, Giza Baliabideak eta Berrikuntza zinegotzia;
Jaime Dominguez Macaya Ogasuna eta Finantzak zinegotzia,
Pilar Arana Mugikortasuna eta Garraioak,
Aitziber San Roman Ekintza Soziala,
Martin Ibabe Kirola eta Gazteria, Hiri segurtasuna eta Babesa,
Ernesto Gasco Sustapen Ekonomikoa, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoa;
Enrique Ramos Hirigintza iraunkorra, Etxebizitza eta Hiri proiektuak;
Marisol Garmendia Gune publikoak, festak eta ekologia;
Duñike Arrizabalaga Auzoak eta deszentralizazioa, Erantzukidetasun hiritarra, Berdintasuna eta Kooperazioa;
Miguel Angel Diez Bide publikoak eta Ingurumena.
Lau ardatzeko programa
Lau ardatzeko gobernu programa izenpetu dute; enpleguaren sorrera, gizarte kohesioa, gobernantza berri bat eta kultura aniztasuna. Puntu horiek oinarri hartuta, hiriarentzat “lehentasunezkoak” diren proiektuak bultzatzeko akordioak egingo dituzte:
Donostia 2016,
Tabakalera,
bertako ekonomia suspertzeko plana,
Sagues eta Monpaseko pasabidea,
Donostialdeko Metroa eta
Karlos I.aren etorbideko zubibidea desagertzea dira
Donostiaren Aldeko Hitzarmenean jasotzen diren puntuetako batzuk.
Loiolako kuarteletako lur eremua berreskuratzeko negoziazioak hasiko dituzte Espainiako Defentsa Ministerioarekin, hiri garbi eta zaindu baterako plana egingo dute, eta
hiritar guztientzako plan ‘solidario, inklusibo eta adinartekoa’ egingo dute.
Altzako barrutia abian jartzea adostuko dute, eta aldi berean,
Igeldoko Udal Auzoaren aldeko apustua egingo dute.